Nafarroa

2022ko Nafarroako Eskolarteko Bertsolari Txapelketa maiatzaren 21ean jokatuko da, Arantzan

2022/05/17
14 eta 18 urte bitarteko zazpi bertsolari gaztek hartuko dute parte maiatzaren 21ean Arantzan jokatuko den Nafarroako Eskolarteko Bertsolari Txapelketako 36. edizioan. Arantzako aterpeko areto handian izanen da saioa, 17:00etatik aurrera, doako sarrerarekin.

Antton Ciriza Saragueta (Iruñea), Beñat Astiz Isasi (Barañain), Eki Mateorena Zozaia (Leitza), Larraitz Goikoetxea Zuriarrain (Altsasu), Manex Leone Baraibar (Iruñea), Olatz Bados Ganuza (Olazti) eta Xabier Elizalde Soto (Iruñea) izanen dira Nafarroako Eskolarteko Txapelketako 36.edizioan parte hartuko duten zazpi bertsolariak. 

Ainhoa Larretxeak aurkeztuko du saioa, eta Amaia Telletxea, Joseba Beltza eta Julen Zelaieta izanen dira saioko epaileak. 

Txapelketak bi fase izanen ditu: 

Lehenengo fasean bertsolari guztiak arituko dira, eta honako hau da egin beharko duten lana: 

  • Lau oinak emanda bertso bana osatu
  • Bukaera emanda bertso bana osatu. 
  • Hitza gaitzat hartua bertso bana osatu.
  • Gai orokorra emanda, 5 puntuko bertso bana osatu. 

 

Hortik, bi bertsolari sailkatuko dira bigarren fasera, eta honako hau da sailkatuek egin beharko duten lana:

  • Zortziko handian, ofizioka, bina bertso. 
  • Kartzelako lana: 
    • Puntu bati erantzunez bertso bat. 
    • Gaia emanda bertso bat. 

 

Lan guztiak eginda puntu gehien biltzen dituen bertsolariak jantziko du aurtengo txapela. Txapelketako lehenengo bi sailkatuak, gainera, Euskal Herriko Eskolartekorako sailkatuko dira, Nafarroako ordezkari gisa.

Saioa 17:00etan hasiko da Arantzako Aterpeko areto handian. Sarrera doakoa izanen da, eta nafarroa@bertsozale.eus helbidera idatziz erreserbatu ahalko da.

 

Zazpi bertsolari gaztek hartuko dute parte 2022ko Nafarroako Eskolarteko Bertsolari Txapelketan.