Nafarroa

2021eko Nafarroako Eskolarteko Bertsolari Txapelketa maiatzaren 29an jokatuko da, Lesakan

2021/05/24
14 eta 18 urte bitarteko hamaika bertsolari gaztek hartuko dute parte maiatzaren 29an Lesakan jokatuko den Nafarroako Eskolarteko Bertsolari Txapelketako 35. edizioan. Lesakako Harriondoa Kultur Etxean izanen da saioa, 17:00etatik aurrera, doako sarrerarekin. Aretoaren edukiera %50ekoa izanen da.

Ainhoa Arrizabalaga Sanchez (Iruñea), Amaiur Goñi Elortza (Bera), Beñat Astiz Isasi (Barañain), Bittori Elizalde Soto (Iruñea), Eki Mateorena Zozaia (Leitza), Etxahun Azkarraga Fernandez (Etxalar), Harriet Artieda Diez (Etxarri-Aranatz), Iraia Agirre Azkarate (Altsasu), Larraitz Goikoetxea Zuriarrain (Altsasu), Oinatz Zelaia Gorrotxategi (Bakaiku) eta Olatz Bados Ganuza (Altsasu) izanen dira Nafarroako Eskolarteko Txapelketako 35.edizioan parte hartuko duten hamaika bertsolariak. 

Ainhoa Larretxeak aurkeztuko du saioa, eta Aimar Sagastibeltza, Nerea Bruño eta Saioa Mitxelena izanen dira saioko epaileak. 

Txapelketak bi fase izanen ditu: 

Lehenengo fasean bertsolari guztiak arituko dira, eta honako hau da egin beharko duten lana: 

  • Lau oinak emanda bertso bana osatu
  • Bukaera emanda bertso bana osatu. 
  • Hitza gaitzat hartua bertso bana osatu.
  • Gai orokorra emanda, 5 puntuko bertso bana osatu. 

 

Hortik, lau bertsolari sailkatuko dira bigarren fasera, eta honako hau da sailkatuek egin beharko duten lana:

  • Zortziko handian, ofizioka, bina bertso. 
  • Kartzelako lana: 
    • Puntu bati erantzunez bertso bat. 
    • Gaia emanda bertso bat. 

 

Lan guztiak eginda puntu gehien biltzen dituen bertsolariak jantziko du aurtengo txapela. Txapelketako lehenengo bi sailkatuak, gainera, Euskal Herriko Eskolartekorako sailkatuko dira, Nafarroako ordezkari gisa.

Saioa 17:00etan hasiko da Lesakako Harriondoa Kultur Etxean. Sarrera doakoa izanen da, eta nafarroa@bertsozale.eus helbidera idatziz erreserbatu ahalko da. Aretoaren edukiera %50ekoa izanen da, eta osasun neurriak errespetatzen direla bermatuko da saio guztian zehar. 

 

Zortzi bertsolari gaztek hartuko dute parte 2020ko Nafarroako Eskolarteko Bertsolari Txapelketan.