<!DOCTYPE html> Zumarragan izango da aste honetako Eskolartekoa — Bertsozale Elkartea

Gipuzkoa

Zumarragan izango da aste honetako Eskolartekoa

2014/03/17
Hirugarren saioa datorren ostiralean izango da Zumarragan eta, gainontzeko kanporaketa saioetan bezala, hiru ekimen izango dira: idatzizko sariketa, saio didaktikoa eta bat-bateko txapelketaren kanporaketa.

Bertsopaper ariketa Zumarragako Zelai-Arizti Kultur Etxean izango da, arratsaldeko 15:00etatik 16:00etara. Urretxu-Zumarragako ikastola, Gainzuri, Oñatiko ikastola, Oñatiko bertso eskola, Legazpiko ikastola eta Domingo Agirre eskolako 200 ikaslek hartuko dute parte.

Arratsaldeko 16:30etik, 17:30era, Saio didaktikoa izango da Zumarragako Zelai-Arizti aretoan. Zumarraga-Urretxuko eta Legazpiko talde bana arituko dira Nerea Elustondo eta Amaia Iturriotz bertsolariekin batera. Aurkezle lanetan, berriz, Beñat Torres.

Amaitzeko, arratsaldeko 19:00etan afari-merienda egin ostean, iluntzeko 20:30ak aldera hasita, helduen bat-bateko saioa izango da Ama-Lur elkartean. Bat-batean arituko dira: Ane Beloki (Legazpi), Maider Arregi (Oñati), Gontzal Belategi (Oñati), Mikel Tapia (Ataun), Paul Iruretagoiena (Ataun), Marixe Ruiz de Austri (Arrasate) eta Eneko Araiztegi (Segura). Aurkezlea Nerea Elustondo izango da.

Hurrengo kanporaketa saioak, Lazkaon, Elgoibarren eta Azkoitian izango dira. Ikus egitarau osoa.

Bat-bateko kanporaketa afaritarako sarrerak salgai daude www.bertsosarrerak.eu atarian 12 eurotan. Sarrerak hartzeko azken eguna: saioa izango den asteko asteazkena.

Antolatzaileak

Idatzizko sariketa eta osteko saio didaktikoak Ikastolen Elkarteak antolatu ditu.

Bat-bateko txapelketa, Ikastolen Elkarteak eta Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak antolatu dute elkarlanean, bertso-eskolen laguntzari esker.