Gipuzkoa

Mikel Iturriotz eta Zarauzko taldea, Gipuzkoako txapeldun

2013/06/03
Gipuzkoako eskolarteko bertsolaritzaren festa handia ospatu zen pasa den ostiralean Tolosako Leidor aretoan. XXXIII. edizioa bete du aurten Gipuzkoako eskolarteko txapelketak, eta Tolosako finalarekin edizio honi bukaera borobila eman zitzaion. Hamalau urte artekoen mailan Zarauzko taldearentzat izan zen garaipena. Hamalautik hemezortzi urte artekoen mailan, aldiz, Mikel Iturriotz izan zen txapelduna eta Gemma Urteaga txapeldunorde.

Gipuzkoako eskolarteko bertsolaritzaren festa handia ospatu zen pasa den ostiralean Tolosako Leidor aretoan. XXXIII. edizioa bete du aurten Gipuzkoako eskolarteko txapelketak, eta Tolosako finalarekin edizio honi bukaera borobila eman zitzaion. Gaztetxoen bertsoak entzuteko gogoz inguratu ziren bertsozalez eta bertsolariz bete ziren Leidor aretoko besaulki erosoak, eta arratsaldeko protagonistek, aurtengo finalistek, ez zuten hutsik egin. Saio ederra eskaini zuten denek ere.

Ohi bezala, hamalau urte arteko txikiak igo ziren lehenbizi oholtzara; Oiartzungo taldea (Xuban Martiarena, Jokin Irastortza, Josu Ibarguren, Aiora Mantxeño), Aretxabaletako taldea (Ixak Sarasua, Haizea Arana, Oihana Arana, Mariaxe Ruiz de Austri), Zarauzko D taldea (Ane Peñagarikano, Jone Makazaga, Irati Tolosa eta Libe Goenaga) eta Goierri-Ordiziako taldea (Iraitz Sarasola, Ane Beloki, Oier Ibartzabal eta Gartxot Ramirez) izan dira aurtengo finalistak, eta maila oso ona eman zuten lau taldeek finalean. Azkenean, Zarauzko taldearentzat izan zen garaipena, eta bertso bat aukeratzearren, talde horretako Jone Makazagak botatako bertsoa nabarmendu behar, arratsaldeko txalotuenetakoa. Azkeneko puntua emanda honako bertsoa kantatu zuen Jonek: “Duda bat daukat, orain zer gera / langile edo nerabe // disfrutau behar eta eskolan / egoten gera halare // etxeko lanez ta azterketaz / jada nazkatuta gaude // aurten oporrak pasa nahi ditut / kolpe zorririk jo gabe”. Goierri-Ordiziako Ane Beloki eta Oier Ibartzabal ere maila oso onean aritu ziren, eta baita gainerako finalistak ere.

Txikien saioaren ostean, handien txanda iritsi zen (14-18 urte). Aurten inoizko partehartzarik handienetakoa egon da maila honetan, 30 bertsolari inguru, eta hauek izan dira finalean kantatzeko aukera izan duten zortzi bertsolariak: Eñaut Martikorena (Hernani), Maialen Akizu (Urretxu), Eli Pagola (Hernani), Aitor Irastortza (Zaldibia), Aratz Igartzabal (Gabiria), Mikel Iturriotz (Urretxu), Gemma Urteaga (Beasain) eta Ane Zuazubiskar (Arrasate). Saio osoan zehar erakutsi zuten zortzi bertsolariek zergatik zeuden finalean kantuan: bertso oso onak entzuteko aukera izan zen denen partetik, batzuk besteak baino hobeto ibili baziren ere. Mikel Iturriotz izan zen txapelduna eta Gemma Urteaga txapeldunorde. Gemmak maila oso ona eman zuen saio osoan zehar baina azkenaldera irristada bat izan zuen eta maila beretsuan ibilitako Mikel Iturriotzek irabazi zuen sari nagusia. Nabarmentzeko modukoak, Gemmak puntuari emandako erantzuna eta Mikelen bakarkako bertsoa. Honatx Gemmaren puntu erantzun borobila: “Azken boladan oso / arraro zabiltza // zure galderarekin / trabatu zait hitza // agian aurkitu det / maitasunan giltza // uste baino hobeto / doakit bizitza”. Mikelek, berriz, honako gaiari kantatu behar izan zion: “Irakaslea zera, ordezkapen bat egitera zoaz eta ordezkatuko duzun irakasleak ikasleengandik jasotako tratuagatik hartu du baja”. Mikelek honako bertsoa kantatu zuen: “Klase horretan kontuak beti / egon dira bero bero // ta irakasleak baja hartu du / bai, jarreragatik edo // berari iten ziotelako / ikasleek kaso zero // beraiek hola jarraitutzea / inork ez beza espero // hemen guztiok baigera onak / bidea aurkitu ezkero”.

Bat-bateko saioen ostean, aurtengo bertso jarrietako maila ezberdinetako sari nagusiak eta aipamen bereziak ere banatu ziren. Sari banaketan erakunde ezberdinetako zenbait ordezkarik, irakaslek, eta bertsolarik hartu zuten parte. Irabazleak Garazi Irastortza (LH 3 eta 4), Joane Aldalur (LH 5 eta 6), Jokin Gabilondo (DBH 1 eta 2), eta Haritz Mujika (14-18 urte) izan ziren.

Behin herrialdeko txapelketa amaituta, Euskal Herriko eskolarteko txapelketara begira daude bertsozaleen begiak. Aurtengo ekinaldia Orion izango da, ekainaren 22an, larunbata, egun osoz, goizean txikiak eta arratsaldean handiak. Txikien mailan Zarauzko taldeak kantatuko du beste herrialdeetako taldeekin batera eta handien mailan Mikel Iturriotzek eta Gemma Urteagak. Festa borobila izatea espero da, tartean elkarrekin bazkaltzeko aukera ere izango baita Orion.