Joanito Akizu hil da
1974an, Xanti Iparragirre eta Patxi Goikolearekin batera, Almen ikastolan asteburuetako haur bertso eskola aitzindaria jarri zuen martxan. Erreferentziarik eta eredurik ia gabe hasi baziren ere, egitasmo hark eragin handia izan zuen hasieratik: lehen deialdian 125 ikasle elkartu ziren, eta handik etorri zen Leintz bailarako bertsolari belaunaldi oparoa.
Joanito Akizuk ez zuen bertsolariak hezten bakarrik lagundu; bailarako bertsozaletasuna hauspotzen, saioak eta ekimenak bultzatzen eta gazteei bidea irekitzen ere lan handia egin zuen. Almenen abiaturiko mugimendu hark oihartzun handia izan zuen, eta ondorengo urteetan Gipuzkoan nahiz Euskal Herri osoan garatuko zen bertso-eskolen mugimenduaren oinarrietako bat izan zen.
Hileta elizkizuna bihar, martxoaren 16an izango da Aretxabaletako Jasokundeko Amaren elizan, 19:00etan.