Gipuzkoa

Izar Zelarainek irabazi du Gipuzkoako Eskolartekoko hirugarren kanporaketa

2023/03/27
Ostiral honetan, martxoaren 31n jokatuko da laugarren eta azken kanporaketa, Amezketan.

Pasa den ostiralean, martxoaren 24an izan zen Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketako hirugarren kanporaketa, Errezilen. Afalorduan 50 lagun elkartu ziren Erniope elkartean eta saioa entzuten 60 lagun inguru aritu ziren. Kantuan Beñat Zeberio, Jare Bengoetxea, Peru Alijostes, Egiar Otegi, Jon Mendiluze eta Izar Zelarain aritu ziren. Azkenean, Oihana Aranguren, Zigor Leunda eta Iñigo Legorburu epaileek hala erabakita Izar Zelarain izan zen saioko irabazlea, beraz, apirilaren 21eko finalera zuzenean sailkatua.

Gaiak jartzen Olatz Zuazubiskar aritu zen eta kopletako ariketan laguntzeko soinuarekin eta panderoarekin Araitz Etxaniz eta Onditz Alberdi.

Laugarren eta azken kanporaketa ostiral honetan, martxoaren 31n jokatuko da Amezketako Zazpi Iturri elkartean, bertan erabakiko da apirilaren 21eko finalean Lasturren arituko den seikoeta zein izango den. Amezketan kantuan Danel Etxeberria, Lide Arregi, Nikola Iraola, Oihan Navarro eta Xuban Urdalleta arituko dira.

Saiorako txartelak www.bertsosarrerak.eus webgunean eskuratu ahal izango dira ostegun eguerdira bitartean (lehenago agortu ezean).

Errezilgo kanporaketako parte hartzaileak