<!DOCTYPE html> Gipuzkoako Eskolartekoaren bat-bateko saioak ostiralean hasiko dira Zumarragan — Bertsozale Elkartea

Gipuzkoa

Gipuzkoako Eskolartekoaren bat-bateko saioak ostiralean hasiko dira Zumarragan

2015/02/25
Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketaren bat-bateko lehen saioa egingo da ostiralean Zumarragan. Zazpi bertsolari gaztek hartuko dute parte eta saioa herriko Ama Lur elkartean egingo da, bertso-afari giroan. Horrez gain, idatzizko lehiaketa eta saio didaktikoa ere izango dira.

15 eta 18 urte bitarteko 27 bertsolarik hartuko dute parte Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketako bat-bateko saioetan. Kanporaketa saio guztiak herriko elkarte batean jokatuko dituzte, bertso afari giroan.

Otsailaren 20an Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketaren idatzizko lehenengo saioa egin zen eta ostiraletik aurrera hiru ekimenek bat egingo dute: idatzizko sariketa, saio didaktikoak eta bat-bateko txapelketa. Beraz, egun berean hiru ekimen izango dituzte Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketako saioek.

Bertsopaper ariketa Zumarragako Zelai Ariztin izango da, arratsaldeko 15:00etatik aurrera. Ondoren, arratsaldeko 16:30ean saio didaktikoa izango da Aretxabaletxa eta Eskoriatzako Lekaixoko bertso-eskolaren eskutik.

Eguna borobiltzeko, arratsaldeko 19:30ean afari-merienda egin ostean, bat-bateko txapelketaren lehenengo kanporaketa egingo da. Bat-batean arituko dira: Ane Zuazubiskar (Arrasate), Gontzal Belategi (Oñati), Urko Arregi (Oñati), Maddi Etxeberria (Larraul), Libe Goenaga (Zarautz), Oier Etxeberria (Azpeitia) eta Ane Beloki (Legazpi). Aurkezlea Asier Iriondo izango da.

Eskolartekoak segida izango du Hernanin eta Lasarten (martxoak 6), Zarautzen (martxoak 13), Elgoibarren (martxoak 18) eta Azkoitian (martxoak 26). Finala, berriz, apirilaren 26an egingo da Irunen, Gipuzkoako Bertso-Eskolen Egunarekin batera. Eskolartekoaren egitarau osoa hemen kontsultatu daiteke.

Eskolartekoan bat-bateko txapelketa Elkarteak eta Bertsozale Elkarteak elkarlanean antolatzen dute, bertso-eskolen laguntzarekin. Idatzizko sariketa eta saio didaktikoak, berriz,  Ikastolen Elkarteak antolatzen ditu.

2014ko Eskolartekoaren finalistak.