Gipuzkoa

Eskolarteko bertsolari txapelketak geldialdia egin du Lazkaon

2014/03/28
Gipuzkoako eskolarteko bertsolari gaztetxoen txapelketak Lazkaoko Areria zineman egin zuen geldialdia pasa den ostiralean. Jakina den bezala, formatu aldetik aldaketa handiak izan ditu txapelketak aurtengo edizioan. Izpiritu aldetik, ordea, ez da gehiegi aldatu: bertsolari gaztetxoek euren abilezia erakusteko aukera daukate azkeneko hamarkadetan hainbat bertsolari belaunaldik egin duten moduan. Ohi bezala, Gipuzkoako ikastetxeetako ehunka ikaslek hartzen dute parte egitasmo honetan.

Lehendabizi, bertsopaperak egiteko aukera izan zuten inguruko hainbat ikastetxeetako haurrek. Lazkaoko kanporaketaren kasuan, Lazkao, Ataun, Zaldibia, Beasain eta Ordiziako hainbat neska-mutikok egin zituzten euren bertso jarriak. Segidan, 14 urte artekoen oholtza gaineko saioaz gozatu ahal izan zuten bertaratutakoek. Beasaingo, Ordizioako eta Lazkaoko bertso eskoletako gaztetxoek aurrez prestaturiko bertso saioa eskaini zieten Areria zineman bildutako bertsozaleei. Lazkaoko gaztetxoek, Lazkao-Txiki eta Txirritaren bertso ezagunak kantatu zituzten eta beste bi taldeen saioak ere ederrak izan ziren. Behin gaztetxoek sarrera emanda, Aitor Sarriegi eta Gema Urteaga bertsolariek bat-bateko saio didaktikoa eskaini zieten gaztetxoei, Amaia Agirrek jarritako ariketei segika.

Lazkaon, beste herrietan ez bezala, ez zen 14 eta 18 urte bitarteko gazteen bat-bateko saiorik izan. Eskolarteko txapelketak Elgoibarren eta Azkoitian izango ditu ondorengo zitak. Aurretik Zarautzen, Lasarte-Orian eta Zumarraga-Urretxun jokatu dira kanporaketak, eta Amaia Urbieta, Iraitz Mateo eta Maider Arregi sailkatu dira, hurrenez-hurren, maiatzaren 25ean Arrasaten jokatuko den finalerako. Elgoibartik eta Azkoititik saioko irabazleak ere finalera pasako dira, eta gainerako guztietatik hiru bertsolari onenak puntuazioz pasako dira finalera. Emoziorik ez da, beraz, faltako. Elgoibarren Jon Gurrutxaga (Azpeitia), Jon Ander Iriondo (Azpeitia), Josune Arakistain (Itziar), Ekaitz Zubimendi (Deba), Ane Zuazubiskar (Arrasate) eta Urko Arregi (Oñati) bertsolariek kantatuko dute apirilaren 4an. Azkoitian, berriz, ondorengo bertsolariek kantatuko dute apirilaren 10ean: Ane Peñagarikano (Zarautz), Oier Etxeberria (Azpeitia), Iñigo Ibañez (Azpeitia), Aratz Igartzabal (Gabiria), Mikel Oria (Zerain), Maialen Akizu (Urretxu) eta Libe Goenaga (Getaria).

Gorka Azkarate