Ikasturteari amaiera borobila emateko bertso topaketa egin dute Bilbon
Bilboko topaketa
Atzo goizean, “Mundu bat bertso” egitasmoan parte hartzen duten Bilboko ikastetxeetako bertsolaritza ikasleen ikasturte amaierako bertso topaketa izan da, Campos antzokian. Ikasturte amaierako bertso topaketa Campos antzokian egin den laugarren edizioa izan da, eta egitasmoan parte hartzen duten seiheun gaztetxo inguru batu dira bertsolaritzaz gozatzeko. Ikasleekin batera Mirigorriko bat-bateko taldeko gazteek ere parte hartu dute.
Ikastetxeek hiru urteko zikloetan hartzen dute parte topaketan, eta aurten, beraz, ziklo berriko lehenengo topaketa izan da. Ondorengoak izan dira gaurkoan batu diren ikastetxeak: Arangoiti HLHI, Begoñazpi ikastola, Deustuko ikastola, Karmelo ikastola IPI, La Salle ikastetxea, Mujika eskola, Nuestra señora del Pilar ikastetxea, Uribarri HLHI, Urretxindorra Ikastola, Viuda de Epalza HLHI, Zamakola-Juan Delmas HLHI
Bertsozale Elkarteko Jone Larrinaga Dañobetitia eta Josu Telleria Uriarte bertsolaritza irakasleek gidatu dute ekitaldia eta Bizkaiko deiadar mendietatik egin dute ibilalbidia Bilboko bertsolaritza ikasleek. Pantaila lagun, Bilboko ikasleek bertsotan egin dute diadar mendien inguruko herrietako bertsolaritza ikasleekin elkarri bertso bidezko galderak eta erantzunak bidaliz: Alonsotegi HLHI, Eleizalde ikastola (Bermeo), Munitibar HLHI, Zeanuri HLHI, Zubizaharra ikastola (Balmaseda).

Eta zelan ez, bat-bateko bertsoak ere izan du bere lekua. Hasierako agurren ostean, bertsolaritza ikasleek egindako aurkezpenei erantzun behar izan diete bertsolariek, gaia jarraitu koplatan jardun dute, eta azkenik, baita puntuka ere. Aurten Aitor Etxebarriazagarraga Gabiola, Enara Gallastegi Barrenetxea eta Maite Sarasola Isazelaia bertsolariak izan ditugu oholtzan.

Ekitaldiaren beste momentu garrantzitsuetako bat kantaldia izan da Mikelot musikariaren eskutik. "Kalian gora eta kalian behera" ibili dira gaztetxoak, eta beste abesti askoren artean.
Saioa borobiltzeko ikasturteko lanaren erakusgarri den diploma jaso dute ikastetxeek. Diploma banaketan, Bilboko udaletik -egitasmoa diruz laguntzen baitu- Mari Jose Arrieta Sagarna (Euskarako Zuzendaria) eta Mireia Garay Elexpuru (euskara teknikaria) hartu dute parte, eta Bizkaiko Bertsozale Elkartetik zuzendaritza kide Idoia Anzorandia Kareagak eta Elkarteko koordinatzaile Ione Narbaiza Gallastegik.
Saioari amaiera emateko “Mundu bat bertso” abestia abestu dute denek batera.

Topaketak Bizkaia osoan
Bilbokoa ez da, ordea, ikasturte amaieran egiten den topaketa bakarra. Bizkaia osoan zehar hamaika herritan izan dute, edota izango dute bertsolaritza ikasle gazteek urtean zehar ikasitakoa taularatzeko parada, besteak beste,
Abadiño, Abanto-Zierbena, Balmaseda, Barakaldo, Basauri, Bilbo, Durango, Enkarterri, Erandio, Ermua, Lemoa, Galdakao, Gernika-Lumo, Mungia, Muskiz, Ondarroa, Sestao, Txorierri, Uribe-Kosta, Uribe- Butroe., Zornotza…
Bertsotan jarraitzeko aukera
Aurre izen ematea martxan: hemen!
Bilbon, bertsotan dabiltzan gaztetxoen hainbat talde (gaztetxoen bertso eskolak edo bat-bateko taldeak - BBT) daude, hau da, Mundu bat bertso programan parte hartu ondoren, eskolaz kanpo, bertsotan jarraitzen duten gazteek osatutako taldeak. Besteak beste, Deustuko BBTa, Esperantza aretoko BBTa, Mirigorriko BBTa eta ikastetxez ikastetxe sortzen diren BBTak. Talde hauek, orokorrean, DBH1etik aurrerakoak izaten dira. Bertsotan jarraitu nahi baduzu, galdetu zure bertsolaritza irakasleari!