Badator Bizkaiko Eskolarteko Txapelketa

2024/04/30
Maiatzaren 6an izango da lehenengo saioa Getxon, 17:00etatik aurrera; guztira hiru kanporaketa jokatuko dira eta finala Arrigorriagan izango da maiatzaren 25ean

Aurreko edizioetan moduan, Bizkaiko Eskolarteko Txapelketak bat-batekoa sariketa eta idatzizko sariketa izango ditu.Ondorengo asteetan jokatuko dira Kanporaketak eta maiatzaren 25an izango da finala, Arrigorriagan, Bizkaiko Taldekakoaren finalarekin batera. Arrigorriagakoa egun osoko jaia izango da, eta bazkari txartelak salgai daude dagoeneko bertsosarrerak atarian.

BAT-BATEKO TXAPELKETA

Bizkaiko eskolarteko bat-bateko txapelketa hastear dago. Maiatzaren 6an izango da lehenengo kanporaketa Getxoko San Nikolas Ikastolan, 17:00etatik aurrera.

Hiru kanporaketa jokatuko dira:

  • Maiatzak 6: Getxon, San Nikolas Ikastolan, 17:00etan
  • Maiatzak 13: Durangon, Kurutziaga Ikastolan, 17:00etan
  • Maiatzak 15: Igorren, Lasarte aretoan, 17:00etan

Eskolartekoa 13.

   2023ko bat-bateko finala, Gernika-Lumo. 

18 urtetik beherako bertsolari bizkaitarrek parte hartu ahal izango dute Bizkaiko Eskolartekoan. Saioak zati bi izango ditu eta bertsolari guztiek egin beharreko ariketak hauek izango dira: 

  • Lau oinak emanda bertso bat zortziko txikian
  • Berba emanda bertso bat, gehienez, hamarreko handian
  • Ofiziotan bina bertso zortziko txikian

Bigarren atalera lau bertsolarik egingo dute aurrera, eta horiek, ariketa hauek kantatu beharko dituzte:

  • Ofiziotan zortziko handian bina bertso
  • Ganbarako lana: bakarka, gehienez, 10eko handian gai bati erantzunez

 

IDATZIZKO TXAPELKETA

Bestetik, idatzizko txapelketa martxan dago Bizkaiko ikastetxe eta eskualdeetan. Kanporaketa hauetatik sailkatutako ikasleek idatzizko finalean parte hartzeko aukera izango dute. Sari emate ekitaldia bat-bateko saioaren ostean izango da.

Eskolartekoa 4.

  2023ko idatzizko finala, Gernika-Lumo. 

FINALAK, ARRIGORRIAGAN

Idatzizko txapelketako finalera sailaktutako ikasleak, zein bat-bateko txapelketako finalera sailkatutako 8 bertsolariak  maiatzaren 25an elkartuko dira Arrigorriagako eskolan. Ostean bazkaria egongo da, eta arratsaldean Bizkaiko Taldekakoa, finalaurrekoak eta finala. 

2024-05-25 Arrigorriaga. kartela