Xalbador Eguna, Bertsoan

2015/10/13
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren lehen balorazioa ere jasoko du Bertsoak, Edurne Soraluze Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko ordezkariaren eskutik.

Pasa den asteburuan ospatu zen Urepelen Xalbador  Eguna. Urriaren 10ean ere izan ziren jarduerak baina egun potoloa igandekoa izan zen. Bertso-saioa izan zen tartean, eta hango ale onenak jaso zituen sareko plazak, antolatzaileen hitzak biltzeaz gain. Entzungai izango dira horiek ostegunean.

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final zortzirenak ere asteburuan amaitu ziren. Arrasaten eta Andoainen izan ziren azken bi saioak, eta honenbestez erabaki dira final laurdenetako saioetako bakoitzean ariko diren bertsolariak.  Arrasateko eta Andoaingo bertsoaldi onenak entzuteaz aparte, Edurne Soraluze Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko ordezkariak lehen fase honen gainean egindako balorazioa ezagutuko dugu ostegunean.

GBT15eko aleez gain, Aizarnazabalgo eta Bilboko bertsoaldiak argitaratu ditu sareko plazak. Bestalde, Mintzola eta EKEren eskutik Subijana etxean izango den Diasporatik… bertso-saioaren inguruko xehetasunak eta Hernandorena sariketarenak eskainiko ditu.

Eta nola ez, astea biribiltzeko Hitzetik Hortzerak jorratuko duen gaia aurreratuko du, eta urteetan atzera eginez bertsoaldia berreskuratuko. Jarraitu adi, Bertsoa, sareko plaza!

Bilbon egindako "Jakinduriek mundue erreko dau" emanaldia, Bertsoan