Onartu da 2020ko egitasmoa

2020/07/15
Urte hasieran aurreikusitakotik aldaketak izan ditu egitasmoak, eta horiek ere azaldu zaizkie bazkideei. Nahi baino beranduago, baina onartuta geratu da egitasmoa.

Eta egin zen Batzar Nagusia. Martxoaren 15ean behar zuena ia lau hilabete geroago egin behar izan dugu, halabeharrez. Pandemiak datan eragina bakarrik ez eta egiteko moduetan ere izan du zerikusirik: bazkide gutxi batzuentzako tokia izan du batzarrak eta telematikoki jarraitu dute hala nahi zuten bazkideek.

Jatorrizko batzarrean aurkeztea aurreikusten genuen egitasmoa ere "kutsatu" du COVID-19ak. Batetik, plaza berrindartzeko behin behineko eta berehalako neurriak hartu ditugu bertsolaritzaren eta bertsolarien egoera zaurgarria leuntzeko: besteak beste, saioak antolatu eta sustatu dira, hasiera batean zalerik gabekoak eta zaleekin egindakoak gerora.

Bestetik, aurreikusitako egitasmoa doitu behar izan dugu. Hezkuntza arauturako prestatutako  sareko erremintei esker bertsolaritzaren irakaskuntzak jarraitu ahal izan badu ere, asko izan dira bertan behera geratu edota atzeratu diren ekitaldiak: Eskolartekoa, Bardoen eta Arabako Bertso Kuadrilla Artekoen azken saioak eta Bizkaiko Bertsolari Txapelketako Udabarriko fasea udaberritik udazkenera pasa dira – uztailean egin berri da Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoari dagokion Eskolarteko xapelgoa - . Tartean dago partaidetza prozesua ere: elkartean dugun parte-hartzeko moduari eta funtzionamenduari buruzko dinamika hasi behar genuen urtearen lehen erdian Bertsozale Elkarteko kideok, baina urtearen amaierara mugitu behar izan da.

 

Aldaketak lurraldeetako zuzendaritzetan

Aipatutako gai horien guztien berri xehatua eman da batzarrean, baita alor ekonomikoari loturikoak ere. 2018an egin zen gogoeta prozesuko ondorioak ari gara gure zereginetan txertatzen, eta horietako batzuk nabarmendu ditugu batzarrean: kulturgintzan ari garenaren kontzientzia indartzea esate baterako edota perspektiba feministan pauso bat gehiago emanda, eraso matxistak kudeatzeko protokoloa diseinatzea.

Plazako bertso saioak etenda, Aldi Baterako Enplegu-erregulazioko Espedientea izan du Lankuk eta horren gainekoak ere ekarri ditu Beñat Gaztelurrutia arduradunak. Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako, Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoako eta Nafarroako bertsozale elkarteetako ordezkariek ere hartu dute parte. Egitasmoan ez ezik, egituran bertan ere izan dituzte aldaketak horietako zenbaitek: Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko lehendakari izateari utzi dio Saroi Jauregik, eta Asier Azpiroz kide izango duen taldea ari gara osatzen, eta Bizkaian Asier Ibaibarriagaren lekua hartuko du Belate Olabarriak.

Ez dira aldaketa bakarrak, Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko Lehendakaritza taldeak kide berria baitu. Gontzal Agote apirilean hasi zen; urteetan Euskal Herriko, Gipuzkoako eta Nafarroako Bertsozale Elkarteetan aritu zen bera. Batzar Nagusian parte hartu du.

Idoia Trenor koordinatzailea azalpenak ematen.