Oihane Pereari elkarrizketa, Bertsoa.eus atarian

2018/05/15
Arabako bertsolari txapeldunarekin hitz-aspertua izan du lantaldeak eta solasaldia ostegunean izango da ikusgai. Plazatik Gaztetxera ekimeneko eta Arabako Eskolarteko txapelketako bertsoaldi hautaketa ere jarriko da sarean.

Arabako Bertsozale Elkarteko kidea eta Arabako bertsolari txapelduna da Oihane Perea. Bertsoa.eus-ek ostegunetan izaten duen hitzorduko protagonista izango da bera aste honetan eta hamaika kontu ekarriko dizkigu. Aurrerapena, asteazkenean.

Bestalde, Plazatik Gaztetxera ekimeneko eta Arabako Eskolarteko finalak izan ziren asteburuan. Ondarroako gaztetxean jokatu zen lehena eta Jokin Bergara izan zen garaile, Oier Etxeberriarekin buruz burukoan aritu eta gero. Arabako Eskolartekoari dagokionez, Aitor Ugartek lortu zuen lehen postua eta bera eta Aroa Arrizubieta txapeldunordea sailkatu dira Euskal Herriko Eskolarteko finalerako. Bateko zein besteko bertsoaldiak ikusgai izango dira aste honetan sareko plaza digitalean.

Oholtzapetik, bertsolaritza eta zientzia batzen dituen egitasmoa, Frisiako kontuak eta askoz gehiago ere izango dira aste honetan Bertsoa.eus atarian. Jarrai gaitzazu!

Asteazkenean izango dira eskura Plazatik Gaztetxerako finaleko bertsoaldiak.