Nafarroako Txapelketaren berri, Bertsoa.eus atarian

2019/01/30
Alaitz Rekondo Nafarroako Bertsozale Elkarteko lehendakariaren hitzak eta parte hartuko duten lau bertsolarirenak jaso ditu sareko plazak.

Pasa den larunbatean aurkeztu zen Barañainen Nafarroako Bertsolari Txapelketa. Otsailaren 9an hasiko da Tuteran eta martxoaren 23an amaituko da Iruñean. Han izan ziren Bertsoa.eus atariko kamerak eta Alaitz Rekondo Nafarroako Bertsozale Elkarteko lehendakariaren hitzak eta txapelketan kantuan ariko diren lau bertsolarirenak bildu zituzten, aste honetan argitaratzeko.

Ez zen, ordea, Barañainen Bertsoa.eus-ek topatu zuen plan bakarra: Bertso Eguna izan zen egun berean eta bertso poteoan zein arratsaldeko emanaldian botatako aleak eskainiko ditu atariak. Gainera, Zeanuriko jaialdia ere ikusgai eta entzungai izango da.

Larunbatean ezagutuko ditugu Arabako Bertsolari Txapelketaren inguruko xehetasunak eta horiek ere ekarriko dizkizu sareko plaza digitalak; Bilboko Bertso Erronda, agenda, Hitzetik Hortzeraren iragarpena... nahi adina plater aste honetan ere Bertsoa.eus-en asteko menuan.

24 bertsolari ariko dira otsailaren 9tik aurrera Nafarroako txapelketan.