Nafarroako finala, Hitzetik Hortzeran
Nafarroako Bertsolari Txapelketaren finala jokatuko da azaroaren 29an Iruñeko Nafarroa Arenan. Bertan ariko dira kantuan Ekhiñe Zapiain Arlegi, Eki Mateorena Zozaia, Eneko Lazkoz Martinez, Joanes Illarregi Marzol, Julio Soto Ezkurdia, Saioa Alkaiza Guallar, Sarai Robles Vitas eta Xabat Illarregi Marzol. Zaldiko Maldiko elkarteak jantziko dio txapela aurtengo Nafarroako txapeldunari.
Finala zuzenean ikusteko aukera izango da ETB1en, 16:45etik aurrera. Ilaski Serranok aurkeztuko du programa, eta alboan izango du Iñigo Olaetxea bertsolaria, ikuspuntua ematen eta saioaren analisia egiten. Elkarrizketak, berriz, Anabel Arraizak egingo ditu.
Igandean, txapeldunarekin elkarrizketa
Finalaren biharamunean, azaroaren 30ean, Hitzetik Hortzera berezia izango da 15:00etan ETB1en. Nafarroa Arenako bertsoaldiak eta finala amaitu eta berehala Mirari Martiarenak txapeldunari egindako elkarrizketa ikusteko aukera izango da.
Indartsu dator aurten Nafarroako finala: zortzi bertsolariek dute eskarmentua plazan, baita txapelketan ere. Julio Soto da Nafarroako finaletan eskarmentu gehien duen bertsolaria: hamabigarren finala du Gorritikoak eta sei aldiz izan da txapeldun; bera da egungo txapelduna. Saioa Alkaiza iruindarrak hirugarren finala eta txapel bat ditu. Eneko Lazkozek bederatzigarren finala du aurten: lau aldiz iritsi da buruz burukora Etxarrikoa. Joanes eta Xabat Illarregi leitzarrak laugarrenez ariko dira finalean. Bigarren finala izango du Sarai Robles Barañaingo bertsolariak. Eta estreinakoz ariko dira finalean Ekhiñe Zapiain beratarra eta Eki Mateorena leitzarra.