Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Zaldiko Maldiko kultur elkarteak jarriko dio txapela aurtengo irabazleari

2025/11/24
Zaldiko Maldiko Kultur Elkartearen izenean, Sergio Barandiaranek jarriko dio 2025eko txapeldunari txapela. Euskaldunentzat arnasgune izateagatik, euskal kulturarekin eta bertsolaritzarekin duten harreman estuagatik eta bertsolaritza sustatzeko egindako ekinbide guztiagatik eskerrak eman nahi dizkiegu Zaldiko Maldiko elkarteko kideei.

Txapela jantziko duena izaten da finaleko protagonistetako bat. Eskertza modukoa da txapel emailea izatea, omenaldia eta aitortza. Eta Nafarroako Bertsozale Elkarteak, euskaldunentzat arnasgune izateagatik, euskal kulturarekin eta bertsolaritzarekin duten harreman estuagatik eta bertsolaritza sustatzeko egindako ekinbide guztiengatik eskerrak eman nahi dizkiegu Zaldiko Maldiko elkarteko kideei. Aurten, beraz, txapel emailea ez da norbanako bat izango; talde bat izango da, elkarte bat: Zaldiko Maldiko.

Handia da Zaldiko Maldikok Iruñean egin eta egiten duen lana. Iruñeko Euskaldunentzako arnasgune izateko sortu zen elkartea 1981. urtean. Euskal kulturarekin eta bertsolaritzarekin harreman estua izan du ordutik. Elkarte sortu eta urte betera, 1982an, antolatu zuten lehenengo bertso eskola Lontxo Aburuzaren gidaritzapean.

Ordutik, eta gaur egunera arte, bertsolaritzak beti izan du presentzia Zaldiko Maldikon, izan bertso eskola, izan ekimen modura, izan bertsolarien entrenamendurako espazio bezala ere. Erreferentziazko gunea da Iruñeko euskaldunontzat, eta hala izan da ere Bertsozale Elkartearentzat: bertan egin ditugu Bardoetako hainbat saio, haur eta gazteen eskolarteko saioak edota, aurten adibidez, Señora Sariketako finala.

Horregatik guztiagatik, aurtengo txapel emaileak izango dira. Elkarteak ekoiztutako Hitzetik Hortzera telebistan saioko azken atalean elkarrizketatu dira Zaldiko Maldikoko bi kide:  Irati Majuelo eta Mikel Taberna. Txapeldunari txapela jartzeko aukera emanez, Nafarroako bertsolaritzaren alde egindako lan guztia eskertu nahi dio elkarteak, bai eta, zalantzarik gabe, aurrerantzean egingo duena ere. Mila esker, Zaldiko Maldiko Kultur Elkartea!

 

Hitzetik Hortzerako azken saioko irudia.