Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Aurkezpena

Konturatu garenerako bi urte igaro dira azken Nafarroako Bertsolari Txapelketa ospatu genuenetik, eta hemen dugu 47. edizioa. Bi hilabetez, Nafarroako berdeak, horiak eta gorriak zeharkatuko ditu 2025eko Nafarroako Bertsolari Txapelketak. Bide bat bertsoarena, euskara Nafarroan barrena barreiatzeko, mila kolore eta mila Nafarroa diren Nafarroa honetan.

30 bertsolarik eman dute izena aurtengo txapelketan, eta behin sailkatze fasea igarota, 24 izanen dira Auritzen abiatuko den ibilbidean. Azaroaren 29ra arte, zortzi saiotan ariko dira, beste horrenbeste herrietan. Iruñeko Nafarroa Arenan elkartuko dira lehenengoz batzuen eta besteen bideak, finalean. Bertsolariekin batera, epaileek, gai-jartzailek, antolatzaileek eta hamarnaka laguntzaileek eginen dute posible egitasmoa.

Urteak joan urteak etorri, Nafarroako euskal kulturaren ekitaldi garrantzitsua bihurtu da Nafarroako Bertsolari Txapelketa. Baina ez da bat-bateko lorea, urtean zehar egiten den lan isilaren fruitu baizik, eta bertsolaritza transmisitzeko egindako lan eskergaren ondorio zuzena.

Gozatu eta gozarazteko unea iritsi da. Iritsi da 2025eko Nafarroako Bertsolari Txapelketa.