Nafarroako Bertsozale Elkarteak “Bertsolaritza irakaskuntzan” programarako finantzazio duin eta iraunkorra eskatu du Parlamentuan

2014/04/29
Nafarroako Bertsozale Elkarteak lan saioa egin du Nafarroako Parlamentuko Hezkuntza eta Kultura Batzordean, Bertsolaritza irakaskuntzan programarekin gertatzen ari dena salatzeko. Bertsozale Elkarteak duela aste batzuk jakitera eman zutenez, Hezkuntza Departamenduak finantzaziorik gabe utzi du 1985ean abiatu zen programa.

Lorea Arburua Nafarroako Bertsozale Elkarteko idazkariak eta Joxema Leitza Elkarteko kide eta programako irakasleak talde guztietako parlamentarien aurrean azaldu dute zein izan den urte hauetan guztietan “Bertsolaritza irakaskuntzan” programak izan duen garapena eta zein den gaur egungo egoera. 

Jakitera eman dutenez, 2013ko irailean Hezkuntza Departamenduak Nafarroako Bertsozale Elkarteari jakinarazi zion ez zutela exekutatuko programarako zegoen partida, “beste lehentasun batzuk zeudelako”. 2014ari begira egoera moldatzen saiatuko zela agindu zuen Hezkuntza Departamenduak, baina gaur gaurkoz “Bertsolaritza Irakaskuntzan” programarako ez du euro bakar bat ere bideratu Hezkuntza Departamenduak.

Elkarteko kideek jakitera eman dutenez egoera horrek kinka larrian jartzen du ez bakarrik “Bertsolaritza irakaskuntzan” programa, baizik eta Nafarroako Bertsozale Elkartearen proiektua bera ere. Horregatik, Hezkuntza Departamenduari bere konpromisoak bete ditzala eskatu diote eta “Bertsolaritza irakaskuntzan” programa modu duin eta iraunkorrez finantzatu dezala.  

Horrekin batera, Hezkuntza Departamenduari interlokuzio eta komunikaziorako bide egokiak zabal ditzala eskatu diote. Jakitera eman dutenez, azken urteotan erabaki garrantzitsu asko epez kanpo eta telefonoz jaso izan dituzte

Talde parlamentario guztiek goraipatu dute “Bertsolaritza irakaskuntzan” programaren balioa eta urte hauetan guztietan bete duen funtzio garrantzitsua. Oposizioko taldeek diru-partida hori aktibatzeko eskatu diote Nafarroako Gobernuari. Borondate kontua dela gogorarazi diote, eta ezin dela horretarako egoera ekonomikoa aitzakiatzat hartu. Halaber, Parlamentuan gaiaren inguruko mozioa aurkeztuko dutela iragarri dute, “Bertsolaritza irakaskuntzan” programa berriro ere finantza dezala Hezkuntza Departamenduak.

1985etik Nafarroako D ereduko ikastetxe publikoetako ikasleek “Bertsolaritza irakaskuntzan” programa jaso dute. Ordutik milaka gaztetxok aukera izan dute ikastorduen barruan bertsolaritza eskolak jasotzeko. Hain zuzen, 2013-2014 ikasturtean Nafarroako D ereduko ikastetxe publikoetako 1.434 ikasle ari dira bertsolaritza eskola orduetan jasotzen.