Martxoaren 26an izango da Batzar Nagusia Izpuran

2022/02/22
Aurrez aurreko batzarra izango da, ez da online eskainiko. Egun osoko plana biribildu nahi duenak Bertso Eguna izango du arratsaldean.

Gaur hasi eta martxoaren 18ko 12:00ak bitarte eman ahal izango da izena Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko Batzar Nagusian parte hartzeko; www.bertsozale.eus atarian argitaratu berri dugun izen-emate orria bete beharko da horretarako. Aurrez aurreko batzarra izango da, eta ez da online eskainiko.

Eman izena Batzar Nagusirako hemen

Martxoaren 26an izango da Izpurako (Baxenabarre) Faustin Bentaberri Gelan, 11:00etatik 13:00etara. 2021eko memoria eta balantzea azaldu eta 2022ko egitasmoa eta aurrekontua aurkeztuko dira, segidan haien onarpena gauzatzeko.

Mokadua eskainiko da ondoren han bertan, 13:00etatik 14:00etara; batzarrerako izena ematerakoan, mokadua egiten geratzekoak zareten adierazi, mesedez, galdetegian bertan.

Bertso Eguna ere egun eta toki berean

Plana osatu nahi duenak izango du zer eginik arratsaldean, 2022ko Bertso Eguna ere han bertan izango baita. 17:00etan izango da saioa: Aimar Karrikak gidatuta, Nerea Ibarzabal, Oihana Iguaran, Sustrai Colina eta Unai Agirre ariko dira bertsotan.

Batzarrean ez bezala, Bertso Eguneko saiora sartzeko ezinbestekoa izango da EBko COVID ziurtagiria aurkeztea, Frantziar Estatuko araudiak hala aginduta. Sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian eskuratu ahal izango dira. Xehetasun gehiago hemen.

Otsailaren 26tik martxoaren 19ra, gainerako elkarteetako batzarrak

Euskal Herrikoaren aurretik egingo dira beste lurraldeetako Bertsozale Elkarteen batzarrak. Bertsularien Lagunak Elkartearen Biltzar Nagusia datorren larunbat honetan bertan egingo dugu, otsailaren 26an, egoitza duen Larraldea etxean; 10:30ean hasiko da.

Ondoren etorriko dira gainerakoak: martxoaren 12an egingo dugu Nafarroako Bertsozale Elkartekoa Lesakan; martxoaren 17an egingo ditugu Bizkaikoa eta Gipuzkoakoa, Durangon eta Orion; eta martxoaren 19an Laudion izango da Arabakoa, 12:00tan.

Aurrez aurreko batzarra izango da eta ez da online eskainiko. / XDZ