Bertso Egunerako sarrerak eskuragai

2022/02/22
www.bertsosarrerak.eus atarian eskura daitezke. Martxoaren 26an izango da, Izpuran, 2022ko Bertso Eguna.

Ohi baino beranduago bada ere, 2022k ere izango du Bertso Egunik. Izpurak (Baxenabarre) hartuko du aurtengoa martxoaren 26an. 17:00etatik aurrera izango da herriko Faustin Bentaberri Gelan, eta, Aimar Karrikak gidatuta, Nerea Ibarzabal, Oihana Iguaran, Sustrai Colina eta Unai Agirre ariko dira bertsotan. Gainera, Bertso Egunekoa emanaldi berezia izanik, eskualdeko beste zenbait sortzailek ere hartuko dute parte.

Erosi Bertso Egunerako sarrera orain!

Sarrerak jada eskuragai daude www.bertsosarrerak.eus atarian: 9 eurokoa da sarrera, eta 12 eurokoa Bertsozale Elkarteko bazkide ez direnentzat. Gazteek 6 euroan lortu ahal izango dute.

Bertso Eguneko saiora sartzeko aintzat hartuko dira momentuan indarrean dauden osasun neurriak.

Goizean Batzar Nagusia

Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak hitzordua baliatu eta urteroko Ohiko Batzar Nagusia deitu du egun eta toki berean. 11:00etatik 13:00etara izango da Izpurako Faustin Bentaberri Gelan bertan. 2021eko memoria eta balantzea azaldu eta 2022ko egitasmoa eta aurrekontua aurkeztuko dira, segidan haien onarpena gauzatzeko. Amaitutakoan, mokadua eskainiko zaie agertutako bazkideei, 13:00etatik 14:00etara.

Batzar Nagusirako izena eman behar da web gune honetan aurkituko duzun izen-emate orrian. Martxoaren 18ko 12:00ak arte eman daiteke izena, eta mokadua egiten geratzekoa zaren adierazi beharko da.

2021eko Bertso Egunetako bat. / XDZ