Kantu inprobisatuari buruzko jardunaldien jarraipena, Bertsoan

2015/11/02
Bartzelonan egingo diren jardueren informazioa eskaintzeaz aparte, Europa bat-batean egitasmoaren ingurukoak azalduko ditu sareko plazak.

Mintzola eta DSS2016EU fundazioek abian jarritako Europa bat-batean egitasmoa martxan da. Irailaren 25ean eta 26an Leonen burututako jardunaldiei, Bartzelonakoek hartu diete lekukoa eta azaroaren 6an eta 7an egingo dira. Gainera, bestelako egitasmoak ere izango dira datorren urtean eta horiek ere bilduko ditu Bertsoak.

Bertsoaldiek ere tarte handia izango dute aste honetan, noski, eta hala Durangoko eta Beasaingo bertsoez gain, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren baitan Zestoan eta Ormaiztegin botatako bertsoaldi onenak ere zabalduko ditu sareko plazak. Eskoriatzan egingo den azken final laurdeneko saioaren gainekoak ere iragarriko ditu Bertsoak, eta baita Mallabin ospatuko den Bertsolari Gazteen I. Txapelketaren ingurukoak ere.

Astearekin amaitzeko, ostiralean, Hitzetik Hortzera saioaren nondik norakoak aurreratu eta urteetan atzera eginda bertsoaldi bat berreskuratuko da Xenpelar Dokumentazio Zentroaren laguntzaz: Xalbador eta Joxe Agirre bertsolariek ehiztari eta basozain paperean botatakoak.

Jarraitu bertsolaritza sareko plazan.