Joxe Kruz Ezeiza 'Kaxka' eta Karmele Mitxelena izango dira aste honetako Hitzetik Hortzerako gonbidatuak

2026/01/14
Oiartzungo Bertso Asteari buruzko 'Bertso astea eta askoz gehiago' izeneko dokumentala egin dute Kaxkak eta Mitxelenak eta beraiekin elkartuko dira aste honetako programan. Horrez gain, Baigorriko eta Amurrioko bertsoaldiak ere izango dira ikusgai.

Oiartzungo bertso astearen artxiboa digitalizatzen hasi ziren Joxe Kruz Ezeiza Kaxka eta Karmele Mitxelena. Urtetan pilatutako argazki, kartel eta irudiak sailkatzen ari zirela, Mitxelenak mugikorrarekin grabatzen zituen Kaxkak esandakoak, eta ondoren etorri zen bizipen eta oroitzapen guzti horiekin dokumental bat egiteko ideia. Hortik jaio da Bertso astea eta askoz gehiago izeneko dokumentala, Oiartzungo Bertso Astearen sorrera eta ondorengo urteak kontatzen dituena.

Girizia Elkarteak Mattinen omenaldia antolatu zuen 1981ean eta hurrengo urtean, 1982an, hasi ziren Bertso Astea antolatzen. Lan talde horretan egon zen Kaxka eta urte horietan Oiartzunen zegoen bertso giroaz arituko dira aste honetako programan.

Mitxelenak, berriz, Kaxkarekin ikasitakoak kontatuko ditu, baita dokumentalean bildutako xehetasunak ere.

Oiartzungo Bertso Astea antolatzeari utzi zitzaion, baina herrian gaur egun bertsolaritzak duen lekuaz arituko dira bi gonbidatuak.

Baigorriko eta Amurrioko bertsoaldiak ere, pantailan

Astero bezala, elkarrizketaz gain bertsoaldiak entzuteko aukera izango da Hitzetik Hortzeran.

Alde batetik, Xilabako Baigorriko bertsoak entzuteko aukera izango da, lehen final aitzinekoa jokatu zen bertan. Joana Itzainak egin zituen gai-emaile lanak eta kantuan izango ziren Elixabet Etxandi GoihenetxeHaira Aizpurua IbargaraiMaddalen Arzallus AntiaMiren Artetxe SarasolaMizel Mateo Sallaberry eta Nahia Sasco Etxeberri. Baigorrin izan zen saioa Miren Artetxek irabazi zuen eta berak eskuratu zuen finalerako lehen txartela.

Beste alde batetik, urte hasierarekin batera finalisten saioa egin dute Amurrion. Aitor Mendiluze Gonzalez, Agin Laburu Rezola, Alaia Martin Etxebeste, Amets Arzallus Antia, Joanes Illarregi Marzol, Maialen Lujanbio Zugasti, Nerea Ibarzabal Salegi eta Sustrai Colina Acordarrementeria aritu ziren bertsotan; gai-jartzen, berriz, Ainhoa Comas Muguruza aritu zen.

Hitzetik Hortzera: larunbatean, 21:00etan, ETB1en.