Jotaren bilakaera aztergai, Hitzetik Hortzeran

2020/01/02
Bat-bateko kopla zirikatzaileak izatetik, buruz ikasiak eta kantatuak izatera igaro ziren Nafarroako jotak; igandeko programan, Jose Maria Esparza adituak azalduko digu bitarte horretan gertatutakoa. Bertsoaldiak ez dira faltako.

Jakina da tradizioek denboraren joanean aldaketak jasaten dituztela. Nafarroako jotak ere izan ditu aldaketak. Gaur egun ezagutzen dugun jota ez da inprobisatua, baina urteak atzera eginez gero, jota ere bat-batekoa eta zirikatzailea zela ohartuko gara, bertsolaritza bezala.

Igandeko Hitzetik Hortzeran prozesu horretan gertatutakoa azaltzeko, Tafallara joango gara. Han izango da gure zain Jose Maria Esparza idazlea eta jotei buruz jakin nahi duguna ezagutzeko aditu ezin hobea; berea da Jotas heréticas de Navarra liburua. Berak esana da gaur egungo jota eta lehengoa guztiz desberdinak direla: zergatik ote? Igandeko programan jotak entzuteko aukera izango dugu.

Arrasateko, Azpeitiko eta Markina-Xemeingo bertsoaldiak
Igandero bezala, bertsoak ez dira faltako eta urteko lehen programan Arrasateko, Azpeitiko eta Markina-Xemeingo bertsoaldiak entzuteko aukera izango dugu.

Hitzetik Hortzera, igandean, 15:00etan, ETB1en; eta astelehenetik aurrera, EITB Nahieran atarian.

Jose Maria Esparza adituarekin izan da Eider.