Irailaren 12an itzuliko da Hitzetik Hortzera, ordutegi berrian

2020/10/23
Denboraldi hasieran behinik behin, larunbatetan eskainiko da bertsolaritza programa, 21:00etatik aurrera.

Hiruaren langa pasata, hogeita hamaikagarren denboraldiari ekingo dio Hitzetik Hortzerak 2020ko udazkenaren atarian. Eider Perez aurkezleak jarraituko du programako gidari, eta hark aurkeztuko dizkigu bertsolaritzaren inguruan lanean ari diren hamaika lagun eta kontu.

Hitzetik Hortzerako aulki gorrian eseriko zaizkigu denboraldia osatuko duten 26 saioetako protagonistak; ohi bezala, ordea, bertsoa izango du mami programak, eta bertso plazako ale esanguratsuenak ekarriko ditu pantailara.

Saioan bere horretan bainoago, hitzorduan izango du aldaketa telebista programa ezagunak: Tourra eta Giroa tarteko, denboraldiaren hasieran behinik behin, egunez aurreratu eta larunbat ilunabarrak hartuko ditu Hitzetik Hortzerak ETB1en, 21:00etatik aurrera.

Irailetik martxoaren bukaerara arte

Emanaldi berrien eta bertso ekitaldien hitzorduak aurreratuko dizkigu saioak, eta, bertso-eskolaz bertso-eskola joanda, kideek gogoan dituzten bertsoaldi kuttunak ezagutuko ditugu. Iaz Maialen Lujanbio eta Igor Elortza bertsolariekin egin bezala, aurten ere izango da bertsolari bati loturiko programa berezirik, baita txapelketen ingurukoak ere; udazkenean aurreikusten diren Xilabaren eta Bizkaiko Bertsolari Txapelketen ingurukoak, kasu.

Iparragirreren jaiotzaren urteurrena, bertso plazaren alde laborala, bertso paperen iragana eta oraina... izango da zer ikusi, zer entzun eta zeri bertsotan egin aurtengo denboraldian ere, datorren astean hasi eta martxoaren bukaerara arte.

Bertsozale Elkarteak ekoizten du programa EITBrekin elkarlanean. Azken bi denboraldietan eta hasiko den honetan, Txakur Gorria sormen taldea ari da gidoiak egiten.

Irailaren 12an etxeko egongelara sartuko da bertsolaritza: bertsoa izango dugu, berriro ETB1en, Hitzetik Hortzera.

 

>> [Albistea] Zuzenekoen bost orduko eskaintza egunero eta fikzioaren aldeko apustua, ETB1en

Eider Perezek hirugarren denboraldia du Hitzetik Hortzera aurkezten.