25 urte bertsolaritza ikastetxeetan irakasten

2015/09/29
22.500 ikasle eta 44 irakasle izango ditu 2015-2016 ikasturtean "Gu ere bertsotan" egitasmoak.

Abiatu berri den ikasturte honetan 25 urte betetzen dira Bertsozale Elkartea ikastetxetan bertsolaritza proiektua eskaintzen hasi zela, ikastetxeekin eta udalekin elkarlanean.

Nafarroan abiatu zen ekimena (izatez, Nafarroako Hezkuntza Sailak babestu du urtetan); abiatu eta urtebetera Bizkaiak jarraitu zion. Ikastetxeen eta udalen eskariz, proiektua hedatzen joan da urtez urte eta egun Euskal Herriko herrialde guztietan lantzen da bertsolaritza ikastetxeetan, eskola ordutan; 2015-2016 ikasturtean 22.500 ikasle hasita daude bertsogintza ezagutzen, Bertsozale Elkarteko 44 irakasleren eskutik.

Proiektuaren oinarrian Bertsolaritzaren Curriculuma dago, eta klaseak emateko baliatzen den Gu ere bertsotan ikasmaterialak Ixaka Lopez-Mendizabal saria jaso zuen 2011an, EAEko Hezkuntza Sailaren eskutik. Datozen urteotan ikus-entzunezko materialak ugaritzea izango da Bertsozale Elkartearen ahalegina.

Ikastetxe publikoak, kristau eskolak zein ikastola kontzertatuek hartzen dute parte ekimenean. Aipatzekoa da Bersozale Elkarteak eta Ikastolen Elkarteak duten elkarlan hitzarmena; bi erakundeen artean, ikastolatan bertsolaritza klaseak bermatzeaz gain, gaztetxoei zuzendutako Eskolarteko Bertsolari Txapelketa antolatzen baitute elkarlanean.

2015-09-24

Ikasturtean zehar eskolan bertsotarako irrika piztu zaien haurrek bertso-eskolan izena emateko ateak zabalik izango dituzte, bertso-eskolak aukera ederra baitira zaletzen jarraitu eta bat-batean bertsotan eginez lagunarteaz gozatzeko. Inguruan zein bertso-eskola dituzun jakin nahi izanez gero, jarri zure herrialdeko Bertsozale Elkartearekin harremanetan.

Arabako Bertsozale Elkartea -  / 945 01 05 05

Bizkaiako Bertsozale Elkartea -  / 94 681 2711

Gipuzkoako Bertsozale Elkartea -  / 943 67 05 75

Iparraldeko Bertsularien Lagunak Elkartea -  / 59 541 504

Nafarroako Bertsozale Elkartea -  / 948 14 37 47

Euskal Herriko Bertsozale Elkartea - Transmisioa saila -  / 943 69 41 29

"Gu ere bertsotan" programako ikasleak