Hitzetik Hortzera txapelketa barruko hotsetan

2022/11/10
Larunbatean Durangon jokatuko da Bertsolari Txapelketa Nagusiko laugarren finalaurrekoa; lehen itzuliko azkena. Saio horretako bertsoaldiak eskainiko ditu aste honetako Hitzetik Hortzerak, eta Leire Bilbao izango du bidelagun Eider Perezek. Igandean, 15:00etan, ETB1en.

Euskadi Literatura Saria jaso duen Barruko hotsak poema liburuaren egilea izango da aste honetako gonbidatua: Leire Bilbao. Heldu zein haur literaturan aritu da bere idazle ibilbidean. Haurren poesiaren defendatzaile sutsua da; izan ere, ume batek bere lehen egunetatik jasotzen duen literatura generoa oso gauza poetikoa izanik, kantagarria eta erritmoz betea izan behar duela azpimarratzen du.

Bertsotan zein gai-jartzaile moduan aritutakoa da Hitzetik Hortzerako aste honetako protagonista. Garai zoragarriak ditu gogoan, Jon Lopategirekin eskolaz eskola, Xabier Amurizarekin kopletan edota Jon Azpillagarekin Mutrikun entrenatzen aritu zenekoak, besteak beste.

Durangoko bertsoaldi onenak

Igandeko programan bezperako saioko bertsoaldi onenen aukeraketa ikusteko aukera izango da. Larunbatean jokatuko den saioan honako bertsolari hauek hartuko dute parte: Aitor Bizkarra, Aitor Mendiluze, Beñat Gaztelumendi, Eñaut Martikorena, Julio Soto eta Saioa Alkaiza. Gai-emaile lanetan, berriz, Ane Ezenarro arituko da.

Gainera, Idoia Torregarai eta Eider Perez ariko dira saioaren inguruan Komunean atalean, eta gai baten jiran ere iritzia ematen ariko dira hainbat bertsolari, denboraldi honetako aurreko saioetan bezala.

Hitzetik Hortzera igandean, 15:00etan, ETB1en; eta edonoiz, EITB Nahieran atarian.

Leire Bilbao izango du bidelagun Eiderrek.