Hitzetik Hortzera oin puntetan

2022/09/29
Gotaine-Irabarnen jokatuko da Bertsolari Txapelketa Nagusiko hirugarren saioa, eta Hitzetik Hortzera bertan izango da. Maika Etxekopar dantzari eta abeslari gotaindarra ezagutuko dugu, eta saioko bertsoaldi onenekin gozatzeko aukera izango da. Ez galdu Hitzetik Hortzera, igandean, 15:00etan, ETB1en.

Bertsolari Txapelketa Nagusia lehen aldiz izango da asteburu honetan Gotaine-Irabarnen, eta igandeko Hitzetik Hortzeran, txapelketako lehen faseko hirugarren saio honi egingo diogu jarraipena. Dagoeneko 12 bertsolarik kantatu dute txapelketan, eta emoziorik ez da faltako asteburu honen amaieran. Izan ere, lehen fasean kantatuko duten 36 bertsolarien lanetik 18rena ezagututa, puntuazioak eta sailkapenak zehatz mehatz aztertzeko aukera izango dugu igandeko programan.

Idoia Torregarai eta Eider Perez Komunean atalean elkartuko dira saioan gertatu denari buruz hitz egiteko. Gainera, txapelketak iraun bitartean astez aste programan iritzia emango duten bertsolarien hitzak ere eskainiko dira.

Maika Etxekopar, dantzaria eta abeslaria

Igandeko programan Gotaine-Irabarnen bizi den sortzaileetako bat ezagutzeko aukera izango dugu. Maika Etxekopar Lougarot dantzaria eta abeslaria da. Batetik bestera ibiltzen da bere ogibideak horrela eskatzen diolako. Bere etxean hartuko gaitu, eta Zuberoako herri txiki honetako txokoak ezagutzeko aukera izango dugu berarekin. Bertsozaletasuna etxetik datorkio Maikari, eta Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia Gotaine-Irabarnen izateak duen garrantziaz mintzatuko zaigu.

 Gotaine-Irabarneko bertsoaldi onenak

Larunbatean jokatuko da Bertsolari Txapelketa Nagusiko lehen faseko hirugarren saioa, eta igandeko programan bezperako saioko bertsoaldi onenen aukeraketa ikusteko aukera izango da. Kantuan ariko dira Ane Labaka, Eneko Lazkoz, Julio Soto, Nerea IbarzabalOihana Iguaran eta Patxi Iriart. Gai-jartzaile lanak Aritz Bidegainek egingo ditu.

Pasa den igandean Arrasaten jokatu zen kanporaketako bertsoaldi sorta bat ere ekarriko da pantailara.

Hitzetik Hortzera: igandero, 15:00etan, ETB1en; eta edonoiz, EITB Nahieran atarian.

Eider Maika Etxekoparrekin elkartu da Gotaine-Irabarnen.