Hitzekin mundu bat eraikiz Hitzetik Hortzeran

2022/03/24
Larunbateko programa 22.Korrikari eskainiko zaio. Aurtengo kantuaren hitzen egilearekin elkartu da Eider, Sustrai Colinarekin, eta Zigoitiako AEKko kide den Josu Aldamarekin ere bai. Zigoitiako bertso bazkariko eta Mendaroko jaialdiko bertsoaldiak ekarriko ditu pantailara Hitzetik Hortzerak: larunbatean, ETB1en.

Badator 22.Korrika eta Hitzetik Hortzerak ere mundu bat eraiki nahi du hitzekin. Bertsolaritza du ardatz Hitzetik Hortzerak, eta hitza osagai nagusi. Aurtengo Korrikako abestiaren hitzak Sustrai Colina bertsolariak egin ditu. Kantuaren sormen prozesuari buruz gehiago jakiteko Iruñeko AEKn elkartu da Eider berarekin. Korrika nola bizi duen kontatu du, eta enkargu honek sorrarazi dion ilusioari buruz mintzatu da.

Bestalde, Josu Aldama Zigoitiako AEKko kidearekin ere egin da hitzordua Gopegiko txokoan. Bertan Korrika Kulturalaren baitan ekitaldiz beteriko eguna antolatu da; tartean, bertso bazkaria. Zigoitian, Araban eta Euskal Herri osoan Korrika Kulturalak AEKrentzat duen garrantziaz hitz egin du Josuk.

Zigoitiako bertso bazkaria eta Mendaroko jaialdia

Korrika Kulturalaren baitan, Zigoitian antolatu den bertso bazkariko bertsoaldiak eskainiko dira. Kantuan aritu dira Onintza Enbeita eta Xabi Igoa. Gainera, Mendaroko bertso jaialdiko bertsoaldiak ikusteko aukera izango da; kantuan, Andoni Egaña, Ane Labaka, Eli Pagola eta Maialen Lujanbio.

Hitzetik Hortzera: larunbatean 21:00etan, ETB1en, eta edonoiz, EITB Nahieran atarian ere bai.

Sustrai Colinarekin elkartu da Eider.