Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako azken txanpari begira jarri da Bertsoa

2015/12/07
Eibarko finalaurrekoan gertatutakoak azalduko ditu sareko plazak. Bestalde, Gasteizko eta Espartzako saioak ere ikus-entzun ahal izango dira.

Asteburuan amaitu berri dira Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalaurrekoak, eta honenbestez, erabakita geratu dira Ilunbeko finalean ariko diren bertsolariak. Finalean erabateko arreta jarri aurretik, ordea, Eibarko saiokoak xehatuko ditu Bertsoak aste honetan: emaitzen berri emateaz gain, Eibarko bertsoaldiak eta protagonisten hitzak ere bildu baititu.

Zarauzko Kopla Txapelketa ere aste honetan abiatuko denez, haren ingurukoak ere ekarriko ditu sareko plazak, eta ostegunean, taldekako ekimenen inguruko hausnarketan murgilduko gaitu.

Gasteizen eta Espartzan botatako bertsoaldiak entzungai izango dira; baita Hitzetik Hortzera saioaren atal berrian izango denaren aurrerapena eta Xenpelar Dokumentazio Zentroaren laguntzarekin, oroitzapenaren kutxatik berreskuratutako bertsoaldia, ostiralero moduan.

Horrez gain, bertsolaritzan albiste direnak ere topatuko dituzu Bertsoan, sareko plazan.

Bertsoa