Gaztelumenditarren bidean, Hitzetik Hortzera

2021/12/02
Adi, asteburu honetan bi programa izango dira. Larunbat iluntzean, "Bidea da borroka" izeneko komikiaz arituko gara solasean Beñat eta Unai Gaztelumendi sortzaileekin. Igandean, berriz, Nafarroako Bertsolari Txapelketako finaleko bertsoaldiak eta txapeldunaren hitzak batuko dituen Hitzetik Hortzera berezia ere eskainiko dugu. Hitzetik Hortzera, ETB1en.

Beñat eta Unai Gaztelumendik Bidea da borroka izeneko komikia argitaratu berri dute, Martin Artola izeneko bertsolaria protagonista duena. Azken honek BECeko finalera bidean egiten duen bidaia bikoitza deskribatu dute komikian; eta bi anaien zenbait ezaugarri dituen pertsonaia hori baliatu nahi izan dute bertsolari izateko bideez, txapelketez eta haien belaunaldiaren ezinez dituzten kezka eta hausnarketez aritzeko.

Proiektuaz gehiago jakiteko bi anaiekin elkartuko da Eider Perez aurkezlea Añorgako Zine zaharrean. Horrez gain, Bilboko BIRAn izandako bertso saio musikatuko irudiez eta Donostiako Lugaritz Kultur Etxean izandako saioko bertsoaldiez gozatzeko aukera izango da larunbateko programan. Hitzetik Hortzera: larunbatean 21:00etan, ETB1en.

Igandean, programa berezia
Aurreko asteburuan jokatu zen Iruñeko Anaitasuna kiroldegian aurtengo Nafarroako Bertsolari Txapelketako finala, eta Saioa Alkaiza Guallar bertsolari iruindarrak irabazi zuen txapela. Finaleko giroa, bertsoaldi onenak eta txapeldunaren hitzak bilduko ditu igandeko programak.

Hitzetik Hortzera: igandean, 15:00etan, ETB1en, eta edonoiz, EITB Nahieran atarian ere bai.

 

HH Berezia_Nafarroako Bertsolari Txapelketa

Unai eta Beñat Gaztelumendik komikia atera berri dute.