Elorrion eta Zigoitian ibiliko da igandeko Hitzetik Hortzera

2018/03/16
Aste honetan Lara Izagirre zine zuzendari eta gidoilaria gonbidatuko dugu programara eta bertsolaritzaz, zinemaz eta hizkera bisualaz ariko gara berarekin. Bertsoak ere izango ditugu, noski: Elorrion Igor Elortzak eta Maialen Lujanbiok afalosteko saio ederra osatu zuten Txintxarri ikastolaren mende erdia ospatzeko, eta Zigoitian musikarien laguntzaz jardun ziren kantuan Alaia Martin, Oihana Bartra, Oihana Iguaran eta Oihane Perea.

Hitza eta irudia, irudia eta hitza. Batzuetan elkarren lagun eta besteetan elkarren lehiakide agertzen dira bi elementu hauek. Bertsolaritza hitzaren artea bada, irudiaren artean ondo zaildutako pertsona bat ekarriko dugu aste honetan Hitzetik Hortzera programara: Lara Izagirre zine zuzendari eta gidoilari zornotzarra.

Proiektu askotan parte hartu du Lara Izagirrek zine munduan. Un otoño sin Berlin laneko gidoia osatzeaz gain, bera aritu zen zuzendari lanetan eta Gariza Films ekoizpen etxearekin Errementari filman parte hartu berri du. Orain Gasteizko Martxoaren 3ko gertakariak ardatz dituen fikziozko lan batean murgilduta dabil.

Bertsolaritza ere ezagutzen du, eta, besteak beste, 2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalean izan zen. Bertsoa hitzezko artea izanik eta zinemak hitza eta irudia darabiltzanez, bi elementuen arteko orekaz ariko gara berarekin.

Ikastolaren urteurrenean Elorrion

Baina bertsorik ere izango dugu aste honetan. Hilaren 9an Txintxarri Ikastolaren 50. urteurrena ospatzeko festa izan zuten Elorrion. Afalostean bi bertsolari handi aritu ziren kantuan, librean: Maialen Lujanbio eta Igor Elortza. Ikastolaren inguruan, haurtzaroko jolasez... Gai asko hartu zituzten kanturako eta, saioa bukatzeko, puntukako ariketa eder bat ere utzi ziguten. Ale onenak emango ditugu aste honetako programan.

Hitzez eta irudiz bakarrik ez, musikaz ere hornituko dugu Hitzetik Hortzera igandean. Martxoaren 10ean bertso saio musikatua izan zen Zigoitian. Maite Berriozabalek gidatuta eta Ixak Arrutik eta Gari Otamendik musikaz lagunduta aritu ziren kantuan Alaia Martin, Oihana Bartra, Oihana Iguaran eta Oihane Perea. Saio goxo eta umoretsua ondu zuten lauren artean: mitoez kantatzeaz gain pisukide paperean aritu ziren Alaia Martin eta Oihana Bartra; Martxoaren 8ko prestaketan aritu ziren Oihana Iguaran eta Oihane Perea eta auto bidaia surrealista bat egin zuten Alaia Martinek eta Oihana Iguaranek. Bertsoaldi horiek ekarriko ditugu zuen pantailetara.

Hori guztia eta askoz gehiago izango da ikusgai igande honetan ETB1en. Bazkalostean, 15:00ak aldera izango gaituzue zain pantailaz bestaldera. Hortik aurrera, Internetez ere ikusi ahal izango duzue programa EITB Nahieranen.