Ekainaren 13an izango da Euskal Herriko Eskolartekoa, Arantzan

2026/06/08
Herrialdeetako Eskolartekoetatik sailkatzen dira gazteak Euskal Herrikoan kantatzeko. Aurten, sintonia berria izango du ekimenak.

Ondo biribilduta izaten dute bertsotan ari diren gazteek ekaineko bigarren asteburua, eta horrela da aurten ere. Izan ere, ekainaren 13an egingo da XXXVIII. Euskal Herriko Eskolartekoa, aurreko bi urteetan bezala, Arantzan (Nafarroa). Bertsozale Elkarteak eta Ikastolen Elkarteak elkarlanean antolatzen dugun ekimena da Eskolartekoa, eta aurten ere Arantzako Udalaren laguntza izango du.

Finala jokatzeko, finalistak behar. Herrialdeetako final guztiak amaituta, hurrengoak dira larunbateko finalean kantatuko duten bertsolariak: Arabatik Maia Ortiz de Zarate eta June Astegieta; Baxenabarretik Nahia Etxeberri eta Gana Berhokoirigoin; Bizkaitik Iradi Barrenetxea eta Jon Abasolo; Gipuzkoatik Adei Urbitarte eta Kattalin Arabolaza; Lapurditik Unax Aizpurua eta Johane Larre; Nafarroatik Kattin Madariaga eta Kattalin Lizarraga; eta Zuberoatik Leina Alkhat.

Saio ostean, mokadua

11:30ean hasiko da finala. Bertsolariek ariketaz ariketako lanak egin ostean, sari banaketa ekitaldia izango da eta sariak ere zozkatuko dira. Amaitutakoan, mokadua eskainiko da bertaratutako guztientzat. Saiorako sarrera librea eta doakoa izango da.

Sintonia berria izango du Eskolartekoak

Berrikuntzekin dator aurtengo edizioa. Izan ere, neguan jarri zen martxan Eskolarteko sintonia lehiaketa, eta erabakita gelditu da zeinena izango den bozgorailutik entzungo den musika: Ekain Alegrerena. Hementxe duzue entzungai.

Modu parte hartzailean egin da hautaketa, eta jasotako sintonien artean, berea izan da bozkarik gehien jaso dituena; horrela, melodia hori izango da aurrerantzean Eskolartekoan erabiliko dena.