Euskaltzaleon Martxara batuko da Bertsozale Elkartea
Ekainaren 13a egutegian markatutako eguna da Bertsozale Elkartean, hainbat arrazoiengatik. Bi hitzordu garrantzitsu ditugu: goizean, Arantzan, Euskal Herriko Eskolartekoko finala; arratsaldean, Iruñean, Euskaltzaleon Martxa.
Iruñea euskaltzale guztien bilgune bilakatuko duen martxaren hiru zutabeak 17:00etan abiatuko dira Antoniuttitik, Runako Parketik eta Askatasun Enparantzatik, Gazteluko Plazan bat egiteko, eta ofizialtasun osoa, jauzia hizkuntza politiketan eta euskaltzaletasuna aldarrikatuko dituzte «Euskaraz bizitzeko behar den dena» lelopean.
Martxak aldarrikapena eta ospakizuna uztartuko ditu, euskaraz bizitzeko beharrezkoak diren baldintzak eskatzeko eta euskaltzale izatearen harrotasuna balioan jartzeko. Izan ere, euskararen etorkizuna jokoan den honetan ezinbestekoa da euskaltzaleon ekarpena, ekina.
Elkarteak ekimenarekin bat egiten du eta bertsozaleak ere martxan batzera deitzen ditu. Horregatik, hartu du parte Elkarteko ordezkaritzak orain arte egindako agerraldietan. Batetik, Iruñeko Gazteluko Plazan, Euskalgintzaren Kontseiluak eta ehundik gora euskaltzaleekin batera egin zen agerraldi jendetsuan; bestetik, Iruñeko Katakraken egin zen prentsaurrekoan.