Deserosotasunetik gauza ederrak sortzeko itxaropena
ITZALI ETA PIZTU izena du sortu berri duzuen emanaldiak. Zer piztu nahiko zenukete emanaldiarekin? Eta zer itzali?
M. Pagola: Aparatu elektronikoek funtzionatzen ez dutenean, irtenbide ona izaten da askotan hauek itzali eta piztea. Gauza konkretuak itzali edo piztu baino, saioak duen berezitasunari egiten dio erreferentzia. Orain arte egin denetik desberdintzeko modu bat dela esango nuke.
Musika eta bertsoa uztartzen dituzue. Ez da bi diziplina horiek bat egiten duten lehen aldia, baina oraingoan musika elektronikoa da joko duzuena. Hori da desberdintasuna? Zergatik elektronikoa?
L. Goenaga: Denbora da plazan bertsoa musikarekin uztartzen ikusi genuela. Bertsoa kantu melodikoa izanda, joera normala da musikaz hitzak edertzea. Orain arte, ordea, musika estilo antzekoak erabili izan dira horretarako. Lankuren proposamena izan zen gizartean hain modan dagoen musika elektronikoarekin frogak egitea. Bertso musikatuak garai berrietara egokitzeko modua izan daiteke.
Libe Goenaga: “Bertsoa barneratzeko atrezzo moduko da bat musika elektronikoa”.
Orain arteko frogetan ezberdintasun nabaria sumatu dugu orain arte entzun izan ditugun bertso saio musikatuekiko. Ohiko bertso-saio musikatuetan musikak protagonismoa hartzen du eta hitzari indarra kentzen dio batzuetan. Musika elektronikoak hitza edertzen laguntzen du. Musika erabat bigarren planoan geratzen da. Bertsoa barneratzeko atrezzo moduko da bat musika elektronikoa.
Zein doinu ekarriko dituzue musika estilo horretara?
M. Pagola: Lehenago erabili izan diren bertso doinuak egongo dira, baina doinu berriak ere bai: Bad Bunny, Dido, Rodrigo Cuevas edo Bad Gyalek abestutako doinuak, adibidez.
Beste zerbaitetan ere desberdintzen al da ohiko saio musikatu batetatik? Zertan?
A. Peritz: Ohiko saio musikatu batetik ezberdintasun nabarmenak daude formatu aldaketak edo musika elektronikoa sartzeak proiektuaren parte garen kide guztioi eragin digulako. Gai jartzaileak ahalegin berezia egiten ari dira musika estilo berri hauen zaleak edo kontsumitzaileak izan daitezkeen pertsonen errealitateak gaietara ekartzen; gu, musikariok, musika elektronikoaren oinarrien eta bertsoaren bat-batekotasunaren arteko oreka bilatzeko zer utzi, zer berritu, zerekin apurtu… Eta kontziente gara bertsolariak ere ahalegina egiten ari direla autotunearekin kantatzeko, doinu berri hauetara ohitzeko, doinu berri hauek bertso doinu bilakatzeko, doinu zaharrei bertsio berriak bilatzeko, gai berrietara egokitzeko…
Aner Peritz: “eta hau bada zerbait berria, denontzat arraroa, zentzu batzuetan deserosoa, probatzen ari garena…”
Denok probatu eta konprobatu dugu ohiko bertso saio musikatu batetik harago doala. Bertso musikatuena nahiko egonkortua dagoen formatua da, eta hau bada zerbait berria, denontzat arraroa, zentzu batzuetan deserosoa, probatzen ari garena... Eta, tira, hortik gauza ederrak sortu daitezkeela uste dugu edo esperantza horrekin ari gara.
Berritasun hauekin guztiekin, zer bilatu nahi izan duzue? Zein helburu duzue?
L. Goenaga: Bertsoak ohituta ez gauden formetan funtzionatzen ote duen deskubritu nahi dugu. Bertsoa beste ikuspuntu batetik landu nahi dugu, eta entzulearen erreakzioa ikusi. Jendea eskaintzen dugunarekin identifikatuta sentiarazi nahi dugu.
Funtzionatzen badu, jende berria bertsozaletzeko modua izan daiteke. Plazan Bertsolaritzak iraun nahi badu, etengabe berritu behar dira diskurtsoak eta formak.
Forma emateko prozesua, nolakoa izan da?
Manex Pagola: “Sekuentziadore edo programazioek ez zuten balio, bertsolarien bat-batekotasuna mantentzea garrantzitsua iruditzen zitzaigulako”.
M. Pagola: Bertso saio elektroniko bat egiteko, elektronika nola sortu pentsatu behar izan genuen. Sekuentziadore edo programazioek ez zuten balio, bertsolarien bat-batekotasuna mantentzea garrantzitsua iruditzen zitzaigulako. Beraz, sintetizagailuen eta sanplerren bitartez funtzionatzea erabaki genuen. Doinuak adostu eta entseatu ondoren, plazara eramateko ordua iritsi da, baina oraindik sortze-prozesuak jarraituko du.
Lehen plazak eginda, zein sentsazio edo aho zaporerekin gelditu zarete?
A. Peritz: Orain arte bi entsegu ireki egin ditugu, eta egia da denok nahiko beldurtuta edo zalantza dezenterekin joan ginela, baina oso balorazio positiboa egin dugu. Nahiko ondo atera dira, denok egon gara eroso nolabait, publikoak erantzun ona eman digu, ongi baloratu du… Nahiko emaitza onak eman ditu oraingoz eta gogoa daukagu entsegu irekiaren tranpatxorik gabe plazaz plaza ibiltzeko.
Dagoeneko data batzuk ere badituzue lotuta… Zer nolako espaziotan egiteko da aproposa?
L. Goenaga: Espazio informaletan aritzea gustatuko litzaiguke, proiektuari seriotasuna kentzeko eta gertutasuna emateko. Kafe antzokiak, txiringitoak, tabernak… espazio idealak dira saio hauetarako.
Eta zein ikus-entzulerentzat dago sortua?
M .Pagola: Orokorrean bertso-saio musikatuak atsegin dituen edonorentzat. Nik uste badela jende gazteagoan pentsatuta sortutako emanaldi bat, baina helduenek ere gozatzeko modukoa da.