Bultzada ederra emango diogu aurtengoan ere

2022/04/13
"Animatu zaitezte zuek ere txapelketaren parte izatera, ikusle, jarraitzaile, parte-hartzaile edo nahi duzuen erara". Arabako Bertsozale Elkarteko Zuzendaritzako kidea eta irakaslea den Peru Abarrategi Sarrionaindiak idatzi du zutabea.

Kuadrilla Artekoa festa giroan, ederra benetan: bertso-eskola ezberdinak kantuan, saioak antolatzeko jende askoren inplikazioa eta bertsolari berrien agerraldia,... pozteko arrazoi ugari ematen dituen ekimen horietakoa. Horren ondoren, pandemiaren gorabeherekin batera, zerbait berria asmatu behar eta Arabako Binakako Bertsolari Txapelketa: saio jendetsuak, formatu serioagoan eta lehia kutsu handiagoarekin. Azkenik, iritsi da inori gustatzen ez zaion txapelketa: lehia ez dela sustatu behar, norberaren buruarekin gustura geratzearekin aski dela, beste modu batzuetan gehiago gozatzen dugula… asko dira arrazoiak. Hori bai, denok (gehiengo zabala behintzat bai) gure saioa iristeko irrikaz, kalkulagailua eskuan eta fasez aurrera egiteko desioarekin.

Txapelketak bertsolaritza Arabako izkin guztietara eramaten duela esan dezakegu; izan inguru erdalduna zein euskalduna, izan inguru bertsozalea zein denboraren poderioz bertsozaletuko dena, hori delako txapelketak betetzen duen helburu handienetako bat, bertsolaritza zer den probintzia guztian zehar ezagutzera ematea. Amurrion hasi, herri txiki, ertain eta handietatik igaro eta gure hiriburuan amaitu, bazter guztiak zipriztindu ondoren.

Haur asko ari dira bertsolaritzarekin lehen kontaktua izaten: hezkuntza arautuko tailerrek eta bertso-eskolek ahalbidetzen dute hori

Badakigu ez dela bertso mundurik jendetsuena Arabakoa, badaude gurea baino askoz masa handiagoa mugitzeko gaitasuna duten bertso ekosistemak. Dena den, nire 24 urteko heldutasunetik behera begira jartzen naizenenean, gazteengana alegia, lasai egoteko motiboak ditugula ohartzen naiz. Haur asko ari dira bertsolaritzarekin lehen kontaktua izaten: hezkuntza arautuko tailerrek eta bertso-eskolek ahalbidetzen dute hori. Normala den bezala, asko bidean galtzen ditugu, baina badaude ibilbidean aurrera jarraitzen dutenak ere: begiratu besterik ez dago 14-18 urte bitarteko adinean bertsolari gazteek egin dituzten azpimarratzeko agerraldiei. Horrek bultzatzen nau etorkizun hurbilean baikorra izatera.

Bertsolari berriak sartu dira aurten ere txapelketaren zirkuituan: ba al da hori baino albiste pozgarriagorik? Adin kontuagatik edo erabaki pertsonalengatik batzuk zirkuitu horretatik kanpo geratzen dira urtetik urtera, eta horrek atzetik jende berria agertu behar izatea dakar. Kopuruz gehiegi ere ez garen arren, ez pentsa arriskuan dagoenik arabar bertsolaritza.

Beraz, animatu zaitezte zuek ere txapelketaren parte izatera, ikusle, jarraitzaile, parte-hartzaile edo nahi duzuen erara. Ziur nago txapelketa erakargarria egiteko gai izango garela guztion artean: bultzada ederra emango diogu aurtengoan ere Arabako bertso munduari.