Bertsoarekin batera izango dira dantza, musika eta marrazkia Bertso Egunean

2022/03/14
Bilaka Kolektiboko dantzariek, Paxkal Irigoien eta Xabi Etxeberri musikariek eta Dom Campistron marrazkilariak ere hartuko dute parte. Aretora sartzeko ez da COVID-19ari lotutako ziurtagirik beharko, aste honetan indarrean jarriko diren neurrien arabera. Sarrerak bertsosarrerak.eus atarian eskura daitezke.

"Denontzako ezagunak dira klitxeak, aurreiritziak eta aurrez eraikitako iruditegi eta usteen multzo hori. Leku batera iritsi aurretik lekua bera irudikatzen saiatu ohi gara, erran digutenarekin eta uste dugunarekin eraikitzen dugu irudia; lekuaren eta lekua osatzen duten pertsonen ustezko definizioa. Zenbateraino diren okerrak, zenbateraino zuzenak... denborak ez ezik esperientziak berak erranen digu. Esperientzia horietako batez gozatzeko aukera eskaini nahi du aurtengo Izpurako Bertso Egunak", aurreratu du Bertso Eguneko emanaldi berezia antolatzeko lanetan ari den Odei Barroso bertsolariak.

Eskuratu Bertso Egunerako sarrerak hemen!

Martxoaren 26an izango da Bertso Eguna Izpuran; Faustin Bentaberri Gelan egingo da emanaldia, 17:00etatik aurrera. Aimar Karrikak gidatuta, bertsotan ariko dira Nerea Ibarzabal, Oihana Iguaran, Sustrai Colina eta Unai Agirre. Ez dira, ordea, parte-hartzaile bakarrak izango: "Bertso jarduna ohikoa eta zentrala izanen bada ere, ertz eta diziplina desberdinak ukituko dituen bertso saioa izanen da: bertsoa, musika, dantza, marrazkia...", iragarri du Barrosok: Bilaka Kolektiboko dantzariek, Paxkal Irigoien eta Xabi Etxeberri musikariek eta Dom Campistron marrazkilariak ere hartuko dute parte.

"Ireki begirada, eta ea klitxeak zuzenak ala okerrak diren ikusterik dugun".

Ez da COVID-19ari lotutako ziurtagiririk beharko

Duela zenbait aste Frantziar Estatuko agintariek iragarritakoaren arabera, martxoaren 14tik aurrera, antzokietan sartzeko ez da COVID-19ari lotutako ziurtagiririk beharko, eta honenbestez, ezta Bertso Eguneko emanaldian sartzeko ere.

Sarrerak eskuragai daude bertsosarrerak.eus atarian: 9 eurotan eskuratu ahal izango dira, eta Bertsozale Elkarteko bazkide ez diren lagunek 12 eurotan lortu ahal izango dituzte. 6 euroren truke eskuratu ahal izango dituzte 6 eta 16 urte bitarteko gazteek.

Goizean Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen Ohiko Batzar Nagusia egingo dugu Izpurako Faustin Bentaberri Gelan bertan. 11:00etatik 13:00etara izango da, eta elkarrekin mokadua egiteko aukera izango dugu segidan. Batzar Nagusira agertzeko asmoa baduzu, eman izena atari honetan bertan topatuko duzun izen-emate orrian.