Bertso eskolen Bertso Eguna

2019/01/26
Barañainen ospatu da aurtengo Bertso Eguna eta bat egin du Bertso Eskolen Egunak ere. Goizetik hasi da eguneko plana eta oraindik luzatuko da...

Bertsolaritzak eta haren baitan gauzatzen diren ekintzek asko zor diete bertso eskolei; Bertso Egunetan ere haien lan eta borondatea ezinbestekoa izaten da ekintzak aurrera ateratzeko. Aurtengoa, ordea, inoiz baino gehiago izan da beraien Bertso Eguna: 2019an bat egin dute Bertso Eskolen Egunak eta Bertso Egunak Barañainen eta, hala, bertso eskolak izan ditu gai arratsaldeko emanaldiak.

Edurne Azkarate aurkezleak gidatuta aritu dira, bertso eskola irudikatuz, erratzari bertsotan Beñat Gaztelumendi, Julio Soto, Maddalen Arzallus, Maialen Lujanbio eta Xabat Galletebeitia.

IKUSI ARGAZKIAK, HEMEN

Bertso poteoa. Iturria: XDZ

Baina goizetik hasi dira ekintzak. 11:00etan, Andoni Egañak, Xabi Zabalak eta Alberto de Abajok Enkarguz emanaldia estreinau dute Lanku Kultur Zerbitzuen eskutik. Kantu bat sortzeko prozesua erakutsi diote publikoari, horretarako musikaren, metrikaren eta hitzen inguruko eskola bikaina emanez. Alaitz ikastetxearen ereserkia landu du hirukoteak, ikastetxeko gurasoen, haurren eta herritarren parte hartzearekin. Jarraian, poteoan ibili gara herriko lau tabernatan: Aitor Servier, Alaia Martin, Andoni Egaña, Arrate Illaro, Eli Pagola, Gorka Pagonabarraga, Mikel Lasarte, Miren Artetxe, Saioa Alkaiza, Sarai Robles, Unai Iturriaga eta Xabi Igoa .

Iparra-hegoa ekimenak prestatutako otordua eskaini zaie 235 bazkaltiarrei, eta, handik, arratsaldeko emanaldira: 460 lagun elkartu dira oholtza gainean irudikatu den bertso eskolako bost kideen emanaldia jarraitzeko.

Gauean, kontzertuak

Oinutsik, Hezurbeltzak eta Kasu taldeek kontzertua eskainiko dute 21:30etik aurrera, Barañaingo udaletxearen aurrean atondutako karpan. Beraz, oraindik festak badu jarraipenik...

Bertsozale Elkarteak Barañaingo bertso eskolarekin eta Barañaingo Udalarekin antolatu ditu batera egin diren 2019ko Bertso Eguna eta Bertso Eskolen Eguna; mila esker antolaketan parte hartu duten beste hainbat bertsozaleri ere.

Nafarroako Bertsolari Txapelketa aurkeztu da

Hitzordua baliatuz, Nafarroako Bertsozale Elkarteak urteroko batzarra egin du goizean. Ondotik, Nafarroako Bertsolari Txapelketa aurkeztu da: otsailaren 9an hasiko da.

Bertso eskola irudikatu dute arratsaldeko emanaldian. Iturria: XDZ