Bapatean 2020, zaleen eskura

2021/06/18
Aurrekoarekin egin bezala, aurten ere bdb.bertsozale.eus atarian jarri da.

"Hogei urte zituen hogeita batgarren zikloak, negu hondarrean bertsolariok mutu gelditu ginenean. Irakurri eta entzun izan ditugu bertsolariek isilik egon behar izan zuteneko garaiak; eta guri ere tokatu". Alabaina, kolpeko mututasunaz gaindi, 2020ak ere izan du bertsotik, eta horiek bilduta osatu da Bapatean 2020. Xenpelar Dokumentazio Zentroaren bdb.bertsozale.eus atarian jarri dugu, aurrekoarekin egin bezala, digitalean eta eskuragai zale guztientzat.

Ezohiko urtea izan zen denontzat; bertsolaritzarentzat. Bertso plazan eragin handia izan zuen pandemiak martxotik aurrera. "San Isidrotarako hasiko gaitun/k martxan esaten genion elkarri telefono dei desesperatuetan. Baina San Joan suek erre zituzten gure esperantzak" gogora ekartzen du Julio Sotok irakurleari ongietorria egiten dion hitzaurrean. Online saioak izan ziren ohiko plazaren ordezko udaberrian, eta ordutik urte amaierara arte, nabarmen jaitsi ziren libreko saioak: "Eta faltan sumatu ditugu, gogotik, libreko saio eta bertso otorduak".

Sotoren hitzek deskribatutakoaren isla ere agerian da argitalpenean; online saioetako bertsoaldiak ere badaude, esate baterako, eta libreko gutxiago. 54 bertso saiotatik 84 bertsoalditako 598 bertso daude transkribatuta, gai, doinu eta ohiko informazio guztiarekin. Bertsoaldiak irakurtzeko ez ezik, entzuteko aukera ere badago, eta bertso plazari buruzko datu orokorragoak ere eskaintzen dira.

Bertsozale Elkarteak Mintzola Ahozko Lantegiaren bidez ateratzen duen bilduma osatzeko, Xenpelar Dokumentazio Zentroan jasotako informazioa, grabazioak eta horien fitxak baliatu dira. Gainera, jende askoren lanaren emaitza da liburu hau; borondatezko grabatzaileen zerrenda luzea dela azpimarratu nahi dugu, eta, beraz, guztioi eskerrak eman, zuei esker sortzen baitira bertsolaritza dokumentatuta geratzeko bildumak.

"Bertso plaza. Zer hintzenan eta non hago! Ongi bistan gelditu zaizkin joskurak". Joskurak bistan geratu diren urtekoak, Bapatean 2020 bilduman.

*Audio guztiak deskargatzeko moduan jaso nahi badira, idatzi eskaera eginez xenpelar@bertsozale.eus helbidera.

Aurten ere digitalean jarri da eskura Bapatean. / XDZ