Astelehenean amaituko da hezitzaileen izen-ematea

2019/02/28
Bertso Udalekuetan begirale, zuzendari edo sukaldari lanetan aritu zein begirale praktikak egin nahi dituztenek telefonoz edo Bertsozale Elkartearen webgunean eman beharko dute izena.

Martxoaren 4an -egun hau barne- amaituko da Bertso Udalekuetan hezitzaile moduan izena emateko aukera. Duzunaritze, Uitzi, Muxika, Orio eta Zuhatza izango dituzte aukeran begirale, sukaldari edo zuzendari aritu ala begirale praktikak egin nahi dituzten interesdunek. Atari honetan bertan egokitutako izen-emate orrian edo 943694129 telefono zenbakira deituta eman ahal izango dute izena.

Behin epe hori pasata, apirilaren 5ean hautaketaren berri emango zaie izena eman dutenei; hautaketan, lehentasuna izango dute bertso eskolako kideek. Gogoan izan hezitzaileek nahitaez parte hartu beharko dutela maiatzaren 4an Amasa-Villabonako Subijana etxean, Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen egoitzan, egingo den prestaketa saioan.

9 urtetik 18 urtera bitarteko Euskal Herri osoko gazteekin ariko dira hezitzaileak. Uztailean egingo dira horietako lau egonaldi, eta bosgarrena, abuztuan.

Bi aste barru, parte hartzaileen izen-ematea

Uda Bertso Udalekuetan igaro nahi duten haur eta gazteentzako martxoaren 11n hasiko da izen-ematea. Lehen izen-emate horretan bertso eskolako kideek edota gurasoetako bat Bertsozale Elkarteko bazkide duten interesdunek eman ahal izango dute izena. Gainerakoentzako martxoaren 25ean irekiko da izena emateko aukera.

Maiatzaren 4ko prestaketa saioan parte hartu behar dute hezitzaileek.