<!DOCTYPE html> Ane Labakarekin izango da solasean Bertsoa.eus — Bertsozale Elkartea

Ane Labakarekin izango da solasean Bertsoa.eus

2018/04/16
Bertsolari eta ikertzaile lasartearrari egindako elkarrizketa ostegunean izango da ikusgai sareko plazan.

Ostegunetako hitzorduari eutsiz, aste honetan ere hitz-aspertua izango du Bertsoa.eusek bertsolaritza munduko lagun batekin: Ane Labaka izango da protagonista oraingoan. Ertz askotatik lantzen du bertsolaritza lasartearrak, plazako jardunaz gainera, bertsolaritza bera genero ikuspegiaren betaurrekoetatik ikertzen baitabil eta Lankuk bideratutako Erradikalak gara emanaldiarekin ere ari baita egun, Beatriz Egizabalekin batera.

Bertsoak ere ez dira faltako: Ordiziako eta Iruñeko bertso emanaldiak jasoko ditu sareko plaza digitalak. Ordizian zortzi finalistak aritu ziren kantuan pasa berri den igandean, duela zenbait hilabate atzeratu behar izan zen saioa berreskuratuz; eta Iruñean Maialen Akizu, Aitor Bizkarra, Jon Gurrutxaga, Irati Majuelo, Eñaut Martikorena, Lurdes Ondaro, Eli Pagola, Sarai Robles, Aitor Servier eta Ane Zuazubiskar aritu ziren bertsotan. Bestalde, Bizkaiko Udabarriko faseko bertsoaldiak zein Plazatik Gaztetxera txapelketakoak ere bilduko ditu Bertsoa.eusek.

Hori guztia, aste guztian zehar bertsolaritzaren gaurkotasunak eta bat-batekotasunak ekarriko duena ahaztu gabe.

Ordiziako saioko bertsoaldiak, sareko plaza digitalean.