Aitziber Grados elkarrizketatuko dute aste honetako Hitzetik Hortzeran
Altsasun izango da Hitzetik Hortzerako lantaldea aste honetako programan, Aitziber Grados Muñoa ETBko aurkezlea eta podcast egilea elkarrizketatzen. Linbo programako aurkezlea da Grados eta ETB1eko programa horrek umoregintzari eta telebistari egiten dion ekarpenaz arituko da Mirari Martiarena Iraolarekin; baita, prestatzen ari diren bigarren denboraldiari buruz ere.
Linbo aurkezteaz gain, Benetan zabiz podcasteko gidaria ere bada Malen Altuna Biterirekin batera, eta podcast horren berezitasunei buruz arituko da, bertara joaten diren gonbidatuekin sortzen den giroaz, besteak beste.
Bertsoarekin ere badu lotura Altsasuko kazetariak: gaztetxotan zortzi urtez Altsasuko bertso eskolako kide izan zen: Joxema Leitza Razkin irakasle zutela elkartzen ziren astero bertso eskolan. Garai horiek gogoratzeaz gain, gaur egun bertsoarekin duen harremanaz eta bertsoak eman dionaz ere hitz egingo du Hitzetik Hortzeran.
Iruñeko eta Galdakaoko bertsoaldiak, entzungai
Otsailero Iruñea bertsoz betetzen du Bertsoaroa zikloak: hainbat ekitaldi antolatzen dituzte bertsoaren bueltan. Aste honetako Hitzetik Hortzeran, lehen jaialdiko bertsoak ekarriko dituzte pantailara. Ander Aranburu Arriola izan zen gai-jartzailea eta bertsotan Eki Mateorena Zozaia, Julio Soto Ezkurdia, Maialen Lujanbio Zugazti, Maider Arregi Markuleta, Sarai Robles Vitas eta Xabat Illarregi Marzol aritu ziren.
Bertso Derbia ere ohiko bihurtu da bertso agendan. Galdakaon egin da azkena, eta hango bertsoaldiak ekarriko dituzte programara. Arkaitz Estiballes Ormaetxeak gidatu zuen saioa eta bertsotan aritu ziren Aitor Etxebarriazarraga Gabiola, Amets Arzallus Antia, Andoni Egaña Makazaga, Eneritz Artetxe Eizagirre, Igor Elortza Aranoa eta Onintza Enbeita Maguregi.
Hitzetik Hortzera: larunbatean, 21:00etan, ETB1en.