Aimar Karrikarekin solasean izan da Bertsoa.eus

2018/09/18
Bermeoko eta Sarako saioetako bertsoaldiak ere eskainiko dira sareko plazan.

Bertsolaritzan nola murgildu zen, bertsotan zeri jartzen dion arreta, etorkizunean zein asmo dituen...hamaika konturen inguruan aritu zen Aimar Karrika Bertsoa.eus-en kameren aurrean eta hark kontatutakoak sareko plazara ekarriko ditugu aste honetan bertan. Bertsolaritza irakaslea izanik, eta plazaz plaza dabilenez gero, ondo baino hobeto ezagutzen du bertsolaritzaren ekosistema eta haren gaineko iritzia ere eskatu diogu.

Baina hitz lauz bakarrik ez; bertsoz elikatzen da sareko plaza batez ere. Batetik, Bermeoko saioko bertsoaldiak izango dira entzungai: han taularatu ziren Amets Arzallus, Fredi Paia, Igor Elortza eta Uxue Alberdi. Eta bestetik, Sarako emanaldian botatakoak: Amets Arzallus, Aitor Servier eta Maindi Murua aritu ziren orduko hartan.

Atzo egin zen Nazioarteko Inprobisatzaileen Biraren aurkezpenera ere agertu zen Bertsoa.eus eta agerraldian parte hartutako Maider Beloki Iruñeko Udaleko Kultura eta Hezkuntza zinegotziaren hitzak eta Julio Soto bertsolariarenak bildu ditugu, sei saioz osatutako bira gehiago ezagutzeko.

Eta gainera, Pello Errota Sariketa, Hernandorenarena, Lazkao Txikiren omenezko saioa...bertsolaritzaren muina eta ertz guztiak www.bertsoa.eus atarian!

Bermeoko bertsoaldien hautaketa, sarean.