2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko liburua Durangoko Azokan

2023/12/06
Bertsolari aldizkariaren erakusmahaian izango da, Goienkale 16an. Liburua bazkide prezioan lortzeko, datorren astera arte itxaron beharko da.

Labetik atera berritan, oraindik ere inprentako beroa dariola, iritsiko da 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko liburua Durangoko Azokara. 35 eurotan eskuratu ahal izango da Bertsolari aldizkariaren erakusmahaian, Goienkale 16an. Hori bai: Bertsozale Elkarteko bazkidea bazara eta liburua prezio berezian eskuratu nahi izanez gero datorren astera arte itxaron beharko da: orduan jarriko da webgune honetan bertan eskaera egiteko bete beharreko formulario bat eta ordainketa datuak emanda bidaliko da liburua esandako helbidera.

Txapelketako hamalau saioetan bildutako bertsoen lagin zabala dakar argitalpenak; horiek entzuteko aukera ere badago, liburuan datorren QR kodeari jarraituta. Gainera, ohi bezala, bestelako datu esanguratsuak jasotzen ditu liburuak, hala nola, bertsolari parte-hartzaileak, ariketak, puntuazioak... bertso doinu berrien partiturak eta adituen analisiak ere aurkitu daitezke argitalpenean. 

Esku-eskura eta etxera eramateko moduan duzu, beraz, 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusia.

Liburua bazkide prezioan eskuratu nahi izanez gero, datorren astera arte itxaron beharko da. / XDZ