Araba

Formakuntza asteburua Eulaten

2013/09/16
Arabako bertso-eskolako irakasle eta irakasle gaiek formazio asteburua izan dute, Eulateko aterpetxean.

Azken urteotan ohikoa denez, Irailaren 12, 13 eta 14ko Arabako  irakasle eta irakasle gaiek formazio asteburua izan zuten, Eulateko aterpetxean. Bertso Eskoletan lantzeko edukiak eta metodologia landu zituzten ostiral arratsaldean, BERTSO GIDA apur bat ezagutu, jolas eta teknika ezberdinak praktikan jarri eta joko eta jardueren gida labur bat sortu zuten denen artean, elkarren ezagutzak eta esperientzia partekatzeko aukera paregabea izan zutelarik. . Larunbat goizean Eskolartekoaz eta ekintza osagarriez gogoeta egin zuten. Arabako urte osoko ekintza osagarrien plangintza osatzeko baliatu zuten egonaldia, bai eskualde mailan eta baita herrialde mailan ere. Arratsaldean Kantaera eta gorputz espresioari buruzko tailer praktikoa burutu zuten Oskar Estangarekin, bertan kantua lantzeko jolasak, gorputza eta kantatzeari buruzko ariketak egin eta eguna amaitu arte kantu kontari ibili zirelarik. Eulateko abentura amaitzeko Larraonako Urbasa Abentura parkean adrenalina astintzeko aukera izan zuten igandean, asteburu borobila beraz, hurrengo urtean errepikatzeko modukoa.