Gizonezkoen Bertso Eskola Feminista

2019-2020 ikasturtea izango du lehendabizikoa. Irailaren 9tik 20ra eman ahal izango da izena.

Ahalduntze Bertso Eskolarekin paraleloki baina eskutik, Gizonezkoen Bertso Eskola Feministaren bidea urratzear gaude 2019an hasita. Espazio honen beharra hainbat gizonezko bertsolarik aipatu izan dute, eta Bertsozale Elkartearen Gogoeta Estrategikoan ere pedagogia feminista egin beharra agertu da. Horrela sortu da 2019-2020 ikasturtean hasiko den Gizonezkoen Bertso Eskola Feminista.

Bertsolari gizonezkoei feminismoari buruzko oinarri teorikoa eskainiko zaie, talde dinamikak nahiz adituen edo arituen ekarpenak izango dituzte, eta, saioz saio, gogoetarako eta esperientziak partekatzeko espazioa egituratu nahi da.

Aniztasunaren, konpromisoaren eta esperimentazioaren oinarrien gainean egiten da lanketa:

  • Aniztasuna. Ikuspegien arteko aniztasuna eta errespetua oinarri izango da, epairik gabeko begirada landuz. Zaintza erdigunean jarriko da.
  • Konpromisoa. Ikasturte osoan eskoletara etortzea eta dinamikan parte hartzea eskatuko zaie bertso eskolan izena eman duten partaideei.
  • Esperimentazioa. Bertso eskola honen oinarria da. Metodologia ere egokitzen joango gara taldearen bilakaeraren arabera.

Hilean behineko maiztasunarekin elkartuko da taldea, larunbat goizez, Amasa-Villabonako Subijana etxean (Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen egoitzan). Arkaitz Goikoetxea eta Iker Iriarte izango dira gidari.

Irailaren 9tik (8:00etan hasita) 20ra eman ahal izango da izena webgune honetan bertan egokituko den izen-emate orria beteta, eta irailaren 27an emango da taldearen osaketaren berri.

Hemen duzu deskargatzeko moduan 2019-2020 ikasturteko programaren informazio orria.