Twitter ikonoa fb

Bizkaia

Zilekoa; Bizkaiko Bertsolaritzaren inguruko neska gazteen topalekua

2017/02/01
Bizkaiko Bertsozale Elkarteak Zilekoa ipini du martxan, neska gazteak batu eta, besteak beste, gogoetak, umorea eta kezkak konpartitzeko gunea sortuz.

Zilekoa Bizkaiko emakume gazteen talde berria da. Udazkenean egin zuten lehenengo zita Larrabetzun, eta zapatu honetan Durangon batu dira.

2017-01-28 Durango

Proiektuaren zuzendariak Oihana Bartra eta Miren Amuriza dira.  Oihanari eta Mireni Zilekoa zer den galdetu diegu.

Parte hartzaile batzuk ere esan digute zertan ari diren. Hemen Enare Muniategi, Maider Barañano eta Aissa Intxaustiren berbak.

Larrabetzun, besteak beste, izena ipini zioten egitasmo berri honi, eta Durangon, hitzak eta doinua. Horrez gain, zapatuan Miren Artetxerekin solasaldia izan dute, eta Mirenek bere esperientzia konpartitu du gazteekin.

2017-01-28 Durango

Udaberrian beste hiru aldiz batzeko plana ere eginda dago honezkero, eta sorpresa asko tarteko, hurrengo saioan Kattalin Miner etorriko da, eta hurrengoan Maialen Lujanbio.

Baina Zilekoa zer den argi ikusteko, hemen taldeak egindako sorta ederra:

Emakumeontzat zila

da gorputzaren zentroa,

gure erdigune izan daiten

sortu dogu ZILEKOA.

 

Ziletatik ziletara 

eraikiz hamaika zubi,

ikasiz ta irakatsiz

zuk niri eta nik zuri.

 

Beldurrak zelan gainditu

galdez geure buruari,

zelan eutsi oholtza ganin

gure hanken dardarari?

 

Plaza grisak aldatzeko

gure aliantza morea,

barrutik ateratzeko

badaukagun adorea.

 

Fama ez daukagun arren

oso graziosak gara,

ta ezin baduzu ulertu

arazoa zeurea da.

 

Asko gozatu daiteke

umore morearekin,

gonbidatuta zaudete 

barrez lehertzera gurekin!