Bertso ikasturtea oporretara doa

2014/06/27
Hiru egun ezin ederragorekin amaitu da 2013-2014 bertso ikasturtea.

Aulestiko aterpetxean hamahiru ikasleko taldeak eman dio amaiera bertso eskolen ikasturteari. Martitzen arratsaldean hurreratu ziren motxila eta lo zakua eskuan eta bariku goizean joan dira etxerantza irribarrea ahoan zeukatela eta lo gutxi eginda.

Eguaztenean, eguraldia lagun, hondartzan pasatu zuten eguna. Ogellara (Ispaster) joan ziren goizean eta Karraspiora (Mendexa) arratsaldean. Aisialdia eta bertsoa lotzea izaten da helburuetako bat, eta bainujantzia, toalla eta eguzkitako krema hartuta jardun zuten bertsolari gazteek. 

Bilboaldeko Karmeloko bat-bateko taldekoak, Enkarterriko gazteak, Busturialdeko bertsolari barriak, ALBEko laukotea... talde giro oso polita sortu da. Harreman berriak egin dituzte eta umorea eta adar jotzea izan ziren nagusi.

Eguena sospresaz beteriko eguna izan zen. Eguerdirako eskolarteko txapelketan nagusien mailan azken urtea izan dutenak gonbidatu moduan agertu ziren. Bazkarian arroza kubatar erara eta saltxitxak, bat zuria eta bestea gorria... frutarekin lagunduta. Eguerdi ostean, ez zen siesta botatzeko astirik egon gehienentzat... bi ikastaro emaileak gogotsu agertu zirelako: Josu Telleria epai irizpideak besapean hartuta etorri zen Aulestira, eta Arkaitz Estiballes, errimak.

Bi taldetan banatu ziren. Gazteenak, Arkaitz Estiballesekin sartu ziren musika gelara. Errimak ikasteko eta egiteko teknika berritzailea plazaratu zuen Estiballes irakasle eta bertsolariak. Oso langileak ez diren bertso eskolako kideentzat berba bat entzun eta errimak bilatzeko lehen hogei segundoetan burura datozenekin lan egiteko aholkua eman zien. Ariketa praktikoren bat edo beste ere egin zuten: bila, pila, mutila...

Alboko gelan epailetza eduki zuten berba bide. Josu Telleriak power point aurkezpen bategaz hasi zuen saioa. Irizpide objetibo eta subjetiboak, egokitasuna, koherentzia, hizkuntzaren erabilera... izan ziren erabilitako berba batzuk. 2006ko Bizkaiko txapelketako ofizio bat eta 2009ko Txapelketa Nagusiko binakako saio bat entzun, epaitu eta iritziak plazatu ziren. Gazteak oso arretatsu mantendu ziren eta gaiari buruzko galderak eta zalantzak argitu zituzten.

Gaueko saioa prestatzeko erreka ondora aldegin zuten kide guztiek. Oinak errekan sartuta, Melendiren doinuan gaueko bi bertsolari gonbidatuak aurkezteko ideia bururatu zitzaien. Ofizioko gaiak, koplaka egin beharrekoak, objetua eskuetan eta begiak tapatuta... egon zen umorezko ariketarik afalostean. Onintza Enbeita eta Miren Amuriza bertsolariak Aulestiko atepetxean bildutako gazteen, herritarren eta gonbidatuen gozamenerako.

Azken gosariagaz eta logelak txukuntzearen arduraz agurtu dute 2013-2014ko bertso eskolen ikasturtea. Orain, ondo merezitako oporrak hartu dituzte, baina hori bai, plazan elkartuko garen esperantzagaz!!!