Oizpeko pantolluk eta Bizkaiko Kopla Gaztiek taldeek irabazi dute Bertsolari Gazteen BBK Sariketa
Bertsolari Gazteen 33. BBK Sariketa heldu da amaierara. Gaur arratsaldean jokatu da finala Zornotzako Zelaieta Zentroan, eta Oizpeko pantolluk eta Bizkaiko Kopla Gaztiek taldeak izan dira aurtengo irabazleak.
Azaroaren 3an hasi zen sariketa, eta ordutik, lau kanporaketa, bi finalaurreko eta gaurko finala jokatu dira. Finala, azken edizioetan ohikoa bihurtu den moduan, talde agurrekin hasi da.
Gaurkoan ondorengo hamar bertsolari gazteak izan dira protagonistak:
A mailan:
- Etazetak: Aiala Irurtia, Emile Zabala eta Ekhi Zuluaga.
- Oizpeko pantolluk: Haizea Rotaetxe, Malen Ibarzabal eta Jon Abasolo.
B mailan:
- Zerobi: Irune Basagoiti eta Maider Altuna.
- Bizkaiko Kopla Gaztiek: Bittor Altube eta Janire Arrizabalaga.

Aurkezle beharretan Ander Aldazabal ibili da eta epaimahaia Ainhoa Arregik, Beñat Romerok eta Iñaki Aurrekoetxeak osatu dute. Idazkari beharretan, ostera, Igor Menika aritu da.
Oholtzan eta publikoan egon den giro ona nabarmentzekoa izan da. Honetaz gain, saioan zehar finalista guztien karikaturak egiten ibili da Unai Gaztelumendi bertsolari eta ilustratzailea. Karikatura hauek izan dira saio amaieran bertsolariek jaso duten oroigarrietako bat.
Bestalde, kantakera onenaren saria Iradi Barrenetxeak eskuratu du. Aurtengoan ere, Unai Iturriaga bertsolari, idazle eta sortzaileak egindako ilustrazioa izan da saria.

Sari banaketa ekitaldian, Juanjo Respaldiza Ikastolen Elkarteko ordezkariak eta Belate Olabarria Bizkaiko Bertsozale Elkarteko lehendakariak hartu dute parte.
Ohiko sariez gain, bi mailetako irabazleek txapela ere jaso dute. A taldekoei Koldo Bilbao BBKko ordezkariak ipini die txapela; B taldekoei, berriz, Zornotzako bertso eskolako beteranoen taldeko Andoni Larreak jantzi diete txapela.
Bizkaiko Bertsozale Elkarteak zorionak eman gura dizkie aurtengo Bertsolari Gazteen sariketa honetan parte hartu duten guztiei, bereziki, bertsolariei, gai-jartzaile taldeari eta epaile taldeari.