Muxikan izango da 'Plazara!' ekimeneko lehenengo saioa

2021/02/24
Otsailaren 27an izango da saioa Ariatzako eskolan, 18:00etan; sarrerak aurretiaz eskatu behar dira.

Bertsolari gazteen Plazara! proiektua zapatuan abiatuko da, otsailaren 27an. Lehenengo saio hau Muxikan izango da bertako Ariatzako eskolan. Bertan kantatuko duten bertsolariak Enare Muniategi, Gorka Pagonabarraga, Iker Uriarte eta Koldo Gezuraga izango dira.

Sarrera doakoa da baina aurretiaz eskatu beharko da, aforo kontuengatik. Horretarako 680146351 zenbakira deitu edo mezu bat bidaltzea nahikoa izango da.

Hurrengo saioa, Portugaleten

Hilabetero egingo dira saioak Plazara ekimenean, Bizkaiko txoko desberdinetan. Bigarren saioa Portugaleteko Sastraka gaztetxean izango da, martxoaren 20an. Asier Alcedo, Asier Galarza, Igor Galarza eta Paule Loizaga ariko dira kantuan; gai-jartzailea Ander Ucelay izango da.

Bertsolari gazteentzako bertso zirkuitua da Plazara!. Helburua, alde batetik, gazteen plazaratzean eragitea da eta, beste alde batetik, beraien arteko saretzea eta talde izaera indartzea. Parte hartzaileak eurak izango dira antolatzaileak.