Twitter ikonoa fb

Bizkaia

Material berriztuarekin dator "Gu ere bertsotan" egitasmoa

2015/10/07
Lehen Hezkuntzan erabiltzen den liburua eta DBHn bertsolaritza lantzeko material berriarekin hasi da bertso ikasturtea Bizkaiko ikastetxeetan.

Bertsolaritza hezkuntza arautuan ikasteko aukera izango dute Gu ere bertsotan egitasmoaren bitartez Bizkaiko 63 herritako 7.700 ikaslek. Aurreko ikasturtean baino 19 talde gehiagok jasoko dute bertsolaritza ikastetxean. Guztira, Bizkaiko 180 ikastetxek hartuko dute egitasmo honetan parte. 

Ahozkotasunaren bidez, hizkuntza, kultura, musika eta trebetasun pertsonalak lantzen dituzte ikasleek Gu ere Bertsotan proiektuaren bidez. Astero edo hamabostero, ordu batez, bertsolaritzaren oinarrizko ezagutza jasotzen dute ikasleek, euskarekiko jarrera positiboa izateko ereduak ikasten dituzte, eta jendaurrean zelan egon eta zelan jokatu lantzen dute bertsolaritza klaseetan. Egitasmo honen helburuei gero eta hobeto erantzuteko, material didaktikoa berritu egin da ikasturte honetarako, gainera.

Material osagarria, bertso jolas, ariketa berri, entzunaldi,  bertso bideo eta ikus entzunezko baliabideez osotuko da eta ikasturtean zehar ekintza anitzak egingo dira, eskolen arteko topaketak eta bertso kantaldiak, besteak beste.

2015-2016 ikasturtean herri hauetan landuko da Gu ere Bertsotan egitasmoa, Bizkaian:

  • ARRATIA: Zeanuri, Areatza, Artea, Igorre eta Lemoa.
  • BILBO: Hogeitahamabi ikastetxe
  • BUSTURIALDEA: Bermeo, Gautegiz Arteaga, Gernika-Lumo, Muxika, Arratzu eta Busturia.
  • DURANGALDEA: Durango, Iurreta, Zaldibar, Zornotza, Abadiño, Ermua eta Atxondo.
  • ENKARTERRI: Balmaseda, Zalla, Gueñes, Alonsotegi, Turtzioz, Gordexola, Sopuerta eta Artzentales.
  • EZKERRALDEA: Barakaldo, Portugalete, Santurtzi, Abanto, Muskiz, Trapaga,
  • HEGO URIBE: Basauri, Arrigorriaga, Ugao, Zaratamo, Etxebarri, Galdakao eta Zeberio
  • LEA-ARTIBAI: Ondarroa, Berriatua, Markina-Xemein, Lekeitio, Etxebarria, Amoroto Munitibar eta Aulesti.
  • TXORIERRI-URIBE BUTROE: Mungia, Larrabetzu, Derio, Lezama, Zamudio, Sondika eta Gatika.
  • URIBE KOSTA: Erandio, Leioa eta Sopela.  

Gu ere bertsotan egitasmoa Euskal Herri mailan lantzen den egitasmoa da.